Giza katerako azken prestaketak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 5a

Igandeko giza katerako dena prest dauka antolakuntzak eta 700 herritarrek baino gehaigok parte hartuko dute. Txintxarri.info atarian zuzenean jarraitu ahal izango da bertan gertatzen dena.

Igandean Gure Esku Dago ekimenak antolatutako giza-katean 700 herritar baino gehiagok parte hartuko dute. Herriko lantaldean antolakuntza lanetan dauden kideek jakitera eman dutenez, Uharte Arakilen hamaiketako erraldoia egin nahiko litzateke lasarteoriatar guztiekin jai giroa ederrean. Jendeak etxetik eramandakoa otartekoak etab. elkarbanatzea proposatzen dute. Ezustekorenbat ere egongo dela aipatu dute eta jendea parte hartzera deitzen dute.

Bestalde iganderako hainbat aholku biltzen dituen liburuska prestatu da eta komenigarria deritzo antolakuntzak bertan jasotzen diren jarraibideak kontutan hartzeko. Eguraldi ona aurreikusten da eta kontutan izanda eguzkipean denbora dexente egin beharko dela, eguzkitako krema, betaurrekoak, txanoa etab. eramatea gogoratzen dute.

Zuzenekoa

Igandean giza-katean parte hartzera gerturatuko ez diren herritarrentzat, Txintxarri.info -n egun osoan zehar zuzeneko emisioa izango da. Hainbat hedabideen elkarlanak gauzatuko du eta horrela atariko portadan ikusi ahal izango da bertan gertatzen dena. Horretaz gain egunaren amaieran argazki galeria eta bideoak eskegiko ditugu gurean. Herritarrek euren argazkiak ere bidali ahal izango dituzte txintxarri@txintxarri.info helbidera edota zuzenean igo "zure aragazkiak" atala erabilita. Azken hau aukeratuta, erregistratu egin beharko du erabiltzaileak eta ondoren aragazkiak igo.Ez dira berehala weban ikusiko izan ere, Txintxarriko kazetariek baimendu beharko dute publiko egitea.