Eguerdian egindako agerraldian Pablo Barriok eta Alaitz Mendizabal parte hartze batzordeburuak azaldu dute udalaren lokal hutsak herritarren esku uzteko asmoa. Hauen hitzetan, herrian elkarte eta talde asko dago lanean eta jakina da denek ez dutela euren bilerak edota lanak egiteko egoitzarik. Hau dela eta, udalak dituen lokal hutsak elkarte eta talde hauen eskutan utzi nahi ditu. "Beharrezkoa da elkarte hauek herrian egiten dutena eta hauek lanean jarraitzea sustatu nahi dugu". Kasu askotan herrian dauden hutsuneak betetzen dituztela esan dute udal ordezkariek eta funtsezkotzat jotzen dela esparru ezberdinetan egiten duten lana.
Lokalaren eskaera egiteko irabazi asmorik gabeko talde edo elkartea izan beharko da eta Udaletxeko erregistroan gaurtik dagoen eskaera orria bete. Ekainaren 24a izango da eskaera egiteko azken eguna. Aurretik, informazio gehiago emateko udal ordezkariek bilera antolatu dute, ekainaren 19an 19:00etan Manuel Lekuonan.
Alaitz Mendizabalek aipatu duenez, lehenengo eskaera hau batez ere informazioa eskuratzeko izango da "udaletik jakin nahi dugu zenbat diren lokala behar duten talde eta elkarteak baina baita zehazki jakin nahi dugu, zein lan egiten duten eta zein den bakoitzaren behar zehatza". Erabilera mugatua izango dela ere aipatu dute "bilerak etab. egiteko lokalak edo biltegi bezala erabiltzekoak izango dira soilik".