Zahartzaro aktibo eta osasuntsua sustatzen

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 2a

Gaur eguerdian, Eusko Jaurlaritzako Osasun publikoko kideek herritarrek zahartze aktibo eta osasuntsua izan dezaten Ttipi-ttapa proiektua aurkeztu dute Villa Mirentxun. Udaleko sail ezberdin, Osasun Zentroko kide eta herriko elkarte ezberdinen arteko elkarlana sustatu nahi da hau aurrera eramateko.

Lasarte-Oriako Udalak zahartze aktiboa sustatzeko eta batez ere, mendetasun egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsona adinduen autonomia sustatzeko asmoz Etorbizik finantzatuta ekintza plan bat landu du azken urtean. 

Pablo Barrio alkateak agerraldian azaldu duenez, helburua "ekimenak bultzatzea da, prebentzio jarduketetatik hasi eta errehabilitaziokoetaraino, beti ere pertsonak beren ingurunean ahalik eta luzaroen eta ahalik eta baldintza onenetan mantentze aldera". 

Plan hau burutzeko Osasun zentroetako kideak, zazpi Udal departamentuetako teknikari buruak eta Osasun mentaleko hainbat kideen laguntza izan da. 

Ikerketa bat ere egin da hau lantzeko. Honetan 9 ikertzaile, 14 laguntzaile interdisziplinar eta adineko 41 parte hartzaileren iritzi eta hautemateak aztertu dituzte.

Ondorioz, herrian adineko pertsonek dituzten beharrak ezagutu eta hauei hobekien erantzuten dien plana burutu da.

Ttipi-Ttapa programa

Planean pertsona adinduen osasun maila hobetzea aurreikusten da eta horretarako, besteak beste, udalerrian Ttipi-ttapa programa jarri nahi da martxan.

Tomas Plazaola Osasun publikoko eskualdeko koordinatzaileak aurkeztu du ekimena.

Plazaolak azaldu duen moduan, beste herrietan martxan dagoen ekintza da, Urnieta, Zumarraga edo Idiazabalen, esate baterako. Honetan, astean behin edo hilabetean bitan pertsona adinduek laguntzaile batzuekin batera ordu bete edo gutxiagoko ibilbide bat egiten dute, "bakoitzak hal duenaren arabera".

Helburua osasun arazo larriak dituzten herritarrek ariketa fisikoa egin eta aktibo izan daitezen da. Izan ere, Plazaolak azpimarratu duenez, Gipuzkoan pertsona adinduen %65a sedentarioa da eta honen ondorioz sortutako arazo fisikoen heriotza tasa tabakoarena baino handiagoa da. Baina ariketa fisikoa egiteaz gain, harremanak ere lantzen dituzte ekimen honi esker.

Programa hau burutzeko Udaleko sail ezberdinak elkarrekin lan egingo dute, baita Osasun Zentroko kideek ere.

Bestalde, laguntzaile edo bolondres lanak egiteko herritarrak beharko lirateke. Horretagatik, herriko elkarteen partehartzea ere garrantzitsua dela azpimarratu dute eta gaurko aurkezpenean erakundeetaz aparte, Biyak Bat elkarteko kideak, Danok Kide elkartekoak, Nagusilan elkarteko kideak edo HHI-EPAko lagunak izan dira.

Abiapuntu modura, Osasun Zentroan nahiz Gizarte Zerbitzuetan banatzen den ibilbide osasungarrien planoa izango da. Baina Lasarte-Oriako programaren garatzeko dago oraindik. Hau lantzeko hurrengo ekainaren 17an, asteartea goizeko 11:00etan Jubilatuen Etxean biltzeko deialdia egin dute. Era berean, interesatuak egon litezkeen beste elkarteei gonbita luzatu diete.