Ostadar SKT eta Gipuzkoako Bolo eta Toka Federazioak antolatuta, Lasarte-Oriako udaletxearen laguntzarekin, ekainaren 7an larunbatean, Euskadiko Bolo eta Toka Txapelketa ospatuko da.
Ostiralean, Ostadar SKT-ko Imanol Bardaji, bola-joko taldeko Josean Montes eta Jexux Lasa eta Taxio Arrizabalaga Kirol saileko buruak aurkeztu zituzten txapelketak kirol guneko bolatokian.
Agerraldian azaldu zuten, legez, txapelketa honen antolakuntza klubez klub joaten da, eta aurtengo edizioan, gure herria eta klubari egokitu zaio. Bola–jokoan 56 kirolari etorriko dira, horien artean 9 emakume eta toka-jokoan 20 izango dira parte-hartzaileak.
Euskadiko Txapelketa bi gune ezberdinetan jokatuko da, bola-joko txapelketa Udal bolatokian izango da eta toka txapelketa, berriz, Okendo plazan.
Ordutegia
Era honetara, Euskadiko bolaririk onenak ikusteko aukera izango da Kirol guneko bolatokian 8:00etatik aurrera.
Okendo plazan berriz, 10:00etan, Euskadiko Toka txapelketa hasiko da.
Partaideentzako hamaiketakoa izango da 10:30ean.
Eta txapelketak amaitu ostean, 14:30ak aldera, indarrak berreskuratzeko lehiakide guztientzako bazkaria izango da Udal jangelan
17:30ean, Okendo Plazan bertan, txapelketetako sari banaketa egingo da.
Azkenik, 17:45ean, herritarrak bola-jokoan ibili ahalko dira Okendo plazan. Bolatoki eramangarria jarriko dute bertan nahi duenak probatzeko. Ostiralean aurkezpenera bertaratutakoek egin bezala.
Erakusketa
Bestalde, astean zehar herriko erdialdeko Jalgi Kafe-Antzokia, Artizar eta Gure-Etxea tabernetan argazki zaharren erakusketa izango da.
Larunbatean, berriz, argazki guztiak bolatokira eramango dira.
Antolatzaileek herritarrak animatzen dituzte kirol guneko bolatoki eta Okendo plazara hurbiltzera.