Zabaletako festa sorginduak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 1a

Teresa Sorginak Teresategiko etxea utzi egiten du urtean behin Zabaleta auzoko festetara gerturatzeko. Aurtengoan ere ez du hutsik egin eta asteburuan giro itzela izan da Antonio Blas plazan eta inguruetan. Besteak beste, dantza, kon-tzertuak, krosa, jokoak, antzerkia, karta-jokoa, txirrindulari lasterketa eta bertsolariak izan dituzte aukeran auzotarrek.

Astean zehar gaztetxoentzako ekintzak eta kamiseta margoketa egin ostean, ostiralean Teresa Sorginaren jaitsierarekin ekin zitzaien Zabaletako festei.
Sorgin dantza herrikoia, Dinbi Banda batukadaren doinuak eta Jalguneko lagunen "Zortzi abizen euskaldun" ikuskizun berriak girotu zuten arratsaldea.
Gau partean, Kukuka dantza eta antzerki eskolako kideek emanaldi berriak aurkeztu zituzten jendez lepo zegoen Antonio Blas plazan.
Herriko Itzartu eta Usurbilgo Izeberg taldeen kontzertuek itxi zuten ostiraleko egitaraua.
Larunbat goizeko berrikuntza nagusia I. Sorgin kros herrikoia izan zen Raul Gomez eta Pili Bodegasen garaipenarekin eta arratsaldean alebin eta infantil mailako txirrindulari lasterketa egin zen Zabaletako kale artean osatutako barrutian.
Ilunabarrean berriz, Asier Azpiroz, Amaia Agirre, Beñat Gaztelumendi eta Ane Labaka aritu ziren bertsotan Unai Muñoa gai-jartzaile zutela. Gauean parranda handia bota zuten gazteek goizeko ordu txikietara arte.

Herri kirolak igandean
Igandeko programaren tarte handiena herri kirolek hartu dute. Lehenik eta behin Telleriatarren idia eta Orioko Heldu izeneko morrosko taldeak desafioa egin dute 20 minutuan nork plaza gehiago osatuko. 
Telleriatarren idiak 43 plaza egin ditu 850 kiloko harriarekin eta zortzikote oriotarrak berriz 40.
Ikusmin handia sortu duen proba izan da eta ikusleek majo gozatu dute animoak eman eta eman.
Urteroko proba mixtan berriz, Orioko Heldu izan da trontzan, lokotxetan, txingetan eta korrika egindako saioak azkarren osatu dituen taldea 12:44ko denborarekin. Atzetik Tellerigainak 13:00, Zubietak 14:54 eta Zabaletako taldeak 15:11ko denborak egin dituzte. Amaitzean, sari-banaketa egin eta talde-argazkia atera dute.

Zabaletako festen argazki galeria: http://txintxarri.info/galeria/596/

Herri kirolen bideoak: Proba mixta eta idi-proba