Eskola Kirolaren ikasturte amaierako jaialdia

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 1a

Michelingo kirolgunean 200 bat benjamin, alebin eta DBHko gaztek eskola kirolaren festa egin zuten larunbat goizean. Primeran pasa zuten futbola, atletismoa, aerobic, errugbia eta joko ezberdinak eginez barre eta algara artean. Jaialdia amaitzeko ikasleen artean opariak eta hamaiketakoa egin zituzten.

Oparien artean kirolarien kamisetak, poster, bandera eta baloiez gain, margoak, karterak, pelutxeak banatu zituzten herriko merkatariek emandako “Tratu On Bat” markako poltsetan sartuta. 2013/2014 ikasturteaz balorazio positiboa egin dute Iñaki Aristondo eta Gorka Segurola Eskola Kiroleko arduradunek: “Urtea oso ondo joan da, ikasturte hasierako ohiko arazoren bat kenduta, gustura aritu dira bai begiraleak, bai haurrak eta baita gu ere”. Aste honetan bertan banatuko dira herriko ikastetxeetan datorren ikasturterako izen-emate orriak eta kirol-eskaintza  aurtengoaren antzekoa izango dela adierazi dute arduradunek.