Ekainaren 8an Uharte Arakilen giza-katea osatuko dute lasarteoriatarrek. Ia 600 herritarrek parte hartuko dute, euren metro aspaldi erosi zuten askok herriko Gure Esku Dago lantaldeko kideek azaldu duten bezala baina autobus txartelak erosteko ez dira hain bizi ibili. Igandea izango da azken eguna hauek erosteko.
Okendon arratsaldean 18:00etatik 21:00etara postua jarriko da eta bertan erosi ahal izango dira txartelak ekainaren 8an Uhartera joan eta handik itzultzeko. Antolakuntzak bi tiket mota jarri ditu aukeran, bata 15:00etan bueltatzekoa eta bestea 19:00ak aldera. Hala ere, eskuragarri izango dira ere asteburuan zehar Zabaletako festetan jarriko den postuan. Tabernetan ere jarri dituzte ahalik eta erraztasun gehien emateko, Jalgi, Artizar, Ilargi eta Gure Etxean.
Antolakuntzatik herritarrei eskatzen zaie ahalik eta lasterren txartelak erostea ekainaren 8an ezustekorik ez izateko. Izan ere, saldutako txartel kopuruaren araberako autobusak lotuko dira egun horretarako.