Legealdi honetan Lasarte-Oriako sozialistek behin baino gehiagotan Euskaltegi zaharreko bulegoan enpresen haztegi edo elkarteentzako gunea sortzeko eskaera egin diote Udal Gobernuari.
Hainbat udalbatzarretan gobernuari eskaera egin eta erantzunik ez jaso izana salatzen dute sozialistek.
Zaballosen arabera, “hauteskundetara aurkeztu ginen lokal horiek xede horretarako bideratzeko eta horrela azaldu genuen gure hauteskunde programan”. “Gure herrian enpleguaren aldeko edozein ekintza gutxi da, eta gobernu arduratsu batek ezin ditu alde batera utzi bere enpresa sortu edo ekintzaile izan nahi duten herritarrak,” aipatzen du sozialisten buruak.
PSE-EEk 2014 urteko aurrekontuak ikusterakoan poztu egin dela dio. Gobernuak 25.000 eurotako partida gorde du lokal horiek eraldatzeko, baina Bilduri lan hauen lizitazioa lehenbailehen hasteko eta lokal horien kudeaketa eta ikuskaritzarako ordenantza lantzeko eskatzen dio, baita lokalen eskaera eta esleipen prozedura ezartzea ere.
“Hiru urteko atzerapena daramagu proiektu honetan, eta Bildu alderdi arduratsua izango balitz barne burokraziarekin lanean hasi beharko litzateke eta ez luke, hori guztia lanak bukatzean egin beharko”.
Era horretara, ahalik eta azkarren lokalak herritar ekintzaileen eskura egongo liratekeela azpimarratzen du Zaballosek.