“Bakearen eraikuntzan guztiok gara bidelagun” jardunaldiak ekainaren 3, 5 eta 7an"

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 28a

Lasarte-Oriako Udalak Baketik-ekin ekainaren 3, 5 eta 7rako elkarbizitzaren inguruko hausnarketarako egunak antolatu ditu “Bakearen eraikuntzan guztiok gara bidelagun” lelopean. Gotzon Huegun herriko eskultoreak aurkeztu ditu Baketik-eko Iker Usonekin batera. Herritarren parte hartzea oinarrizkoa izango dela azpimarratu dute biek.

Udala osatzen duten taldeen artean maila politikoan lanean aritu ondoren, eguneroko kudeaketak sortzen dituen etengabeko tentsio eta desadostasunek lan hau zailtzen duela ondorioztatu dutela adierazi du Pablo Barrio alkateak. Izan ere, udaleko alderdi guztiek batera hasi zuten elkarbizitzarako lanketa eta egun, mahai horretan ez daude denak.

Hortaz, eta alde guztien arteko beharrezko batasun bat lortzea ezinezkoa egin denez, hurrengo fase batera pasa  eta lekukoa herritarren eskuetan uztea pentsatu du Udalak. “Hemendik aurrera egin beharreko bidaian Lasarte-Oriako herritarrak izango dira protagonista eta motor lana egingo dutenak”.

Gotzon Huegun, “Biharko eguneko memoria” eskulturaren bitartez sentsibilitate ezberdinetako herritar eta biktimak biltzea lortu zuen sortzaileak adierazi nahi izan du jardunaldi eta halako ekimenen garrantzia eta herritarrak animatu ditu hauetan parte hartzera. Herrian dagoen aniztasuna islatzea animatu ditu.

Beketik-eko Iker Usonek adierazi duenez, “azken hamarkadetan, sufrimendu asko sortu da eta horrek zauri asko eragin ditu gure artean. Bizikidetzaren berradiskidetze prozesu bat beharrezkoa da zauriak sendatzen  joateko. Berradiskidetzeaz hitz egiteak ez du esan nahi lagunak izan behar dugunik, baizik eta elkarren arteko onespenean eta errespetuan oinarritutako bizikidetza bat sortu behar dugula”.

Horretarako, beharrezkoa da Usonen hitzetan, iraganarekiko, orainarekiko eta etorkizunarekiko begirada bat partekatzea “iraganerako begirada kritikoa, orainarekiko begirada eraikitzailea eta etorkizunarekiko begirada prebentiboa”.

Bizikidetza horren inguruan lan egiteko prozesuan herritarren papera oso garrantzitsua da, “beraiek izan behar baitira prozesu honen onuradun. Sentsibilitate desberdinetako pertsonen parte hartzea behar da eta sentsibilitate desberdineko pertsonak elkartzeko espazio partekatuak beharrezkoak dira, elkarri entzuteko eta elkarri adierazteko, beti ere errespetuzko jarrera batekin”. Eta hori da hain zuzen, datorren asteko jardunaldiekin lortu nahi dena.

Jardunaldiak

Ekainaren 3an, iraganari begiratuko zaio Pako Etxeberriaren laguntzaz. Berak gerra zibiletik hasi eta gaur arte izan diren hainbat Giza Eskubideen urraketa eta  biktima guztiek dituzten hiru eskubideek duten garrantzia azpimarratuko du: egia, justizia eta errreparazioa. Saioa 19.00etan hasiko da Villa Mirentxuko Trinketean eta 3 atal izango ditu. Hasieran, Pakok bere hitzaldia eskainiko du, ondoren herritarren artean solasaldia izango da eta amaitzeko Pakorekin izango da hitz egiteko aukera.

Ekainaren 5ean, osteguna, orainari helduko zaio, Gorka Espiauren “Hablan los ojos” dokumentala ikusiko da. Ondoren, solasaldirako tartea izango da eta amaitzeko Gorkarekin batera egingo da solasaldia.

Jardunaldiak amaitzeko, ekainaren 7an, larunbata, goizeko 9:30ean hasi eta eguerdiko 13:30 bitartean etorkizunari begiratuko zaio. Metodologia parte hartzaile baten bidez, “Lasarte-Orian, bizikidetza hori sustatzeko eta lortzeko zer egin beharko genukeen pentsatzen jarri nahi ditugu herritarrak. Beraiek proposatuko dituzte solasaldirako gaiak eta goiza osoan horien inguruan arituko gara, bukaeran ondorio batzuetara iritsi asmoz".

 Herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte jardunaldi hauetan parte hartzera. Sentsibilitate desberdinetako jendea bertan izatea aberasgarritzat eta beharrezkotzat jo dute sustatzaileek ”bakearen eraikuntzan bidelagun garelako guztiok”.