Gaur eguerdian, Lasarte-Oriako EAJ-k hurrengo udal hauteskundetarako burua aurkeztu du Batzokian. Jon Antxordoki herri buru batzarreko kideak aurkeztu du alderdi jeltzaleko alkategaia, Estitxu Alkorta.
Antxordokiren hitzetan, "azken legealdi honetan egin duen lana eta bere esperientziarengatik. Herritarren interesen alde lan egiteko hautagai egokiena dela pentsatzen dugu".
Estitxu Alkortak eskerrak eman dizkie EAJ-ko afiliatu guztiei beregan jarri duten konfiantzagatik. "Erronka hau duela lau urte nuen ilusio berberarekin hartzen dut baina oraingo honetan, aparteko ezagutza eta esperientzia batekin. Ogasuneko Departamentua zuzentzeak eman didan esperientziarekin," azpimarratu du alderdi jeltzaleko alkategaiak.
Pertsona ardatz
Honetaz gain, EAJ-k dituen udal ardurei esker, pertsonengatik hurbil egoteko eta haiekin elkar-eragiteko aukera eman diela adierazi du, "pertsonalki, benetan oso esperientzia aberasgarria izan da".
Hori dela eta, alkategaiak pertsona sistemaren ardatz nagusia izan behar dela eta alderdiaren politikaren adierazgarri nagusia hori izango dela jakitera eman du.
Hausnarketa
Era berean, autoebaluazioa eta hausnarketa egin eta zer zuzendu eta hobetu pentsatu behar dela gaineratu du. "Ezin bestekoa da lan egitea pertsonek berriro politikan eta politikariongan konfiantza berreskuratu dezaten eta hori lortzeko, kalean egongo gara".
Eta Lasarte-Oriako gizarte eragile guztiekin hitz egin eta haien iritzi, ekarpen eta kritikak biltzeko asmoa agertu du, "guztiona izango den Lasarte-Oriako etorkizunerako proiektu bat burutu ahal izateko".
Azkenik, alderdi jeltzaleko kideek agerraldian azaldu dutenez, "zerrenda hauteskundeak iritsi ahala aurkeztuko dugu, baina orain hori zuzenduko duen burua jakitera eman nahi izan dugu, Estitxu Alkorta".