EAJ: “Bilduk Udaltopen antolaketa kinka larrian jarri du”

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 27a

Udaleko EAJko ordezkariek agerraldia egin dute Zorione Etxezarraga batzarkidearekin Udaltop topaketak “kinka larrian jarri eta politikoki erabili izana” leporatu dio EHBilduri. Estitxu Alkortak azaldutakoaren arabera, “Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara zuzendaritzak eta Lasarte-Oriako alkatetzak arriskuan jarri dute jardunaldien antolaketa osoa”.

Eguerdiko agerraldian Estitxu Alkorta eta Boris Nogales zinegotziekin batera Zorione Etxezarraga EAJko batzarkidea izan da.

Alkortak azaldu duenez “duela aste bete burutu zen Udaltop soziolinguistika jardunaldien antolaketa osoa kinka larrian jarri dute Bilduko ordezkaritza duten bi erakundeak, Aldundiak eta Lasarte-Oriako alkatetzak. Ikuspegi baztertzaile eta itxi batean oinarrituta, jardunaldien jatorrizko antolaketaren eredua eraldatu egin dute herri administrazioak uxatuz eta beste erakunde batzuk sartu dituzte itxurak egiteko, irudi huts moduan”.

Udaltop topaketak 2009an egin ziren lehen aldiz Aldundiak eta udalak bultzatutako ekimen bezala eta hasieratik Jaurlaritzaren eta EUDEL-en babesa izan zutela azpimarratu du agerraldian Alkortak. Lau erakundeek lankidetza hitzartu zuten diruz eta baliabide teknikoz hornitzeko.

EAJko zinegotziak azaldu duenez “Bilduren bazterkeria iaz hasi zen, 2013ko Udaltopeko aurkezpen ofizialean. Diputazioak EUDELeko ordezkaritzari betoa ezarri zion eta agerraldi publikoetatik EUDEL kentzea agindu zuen. Beto hori kaleratu ez zedin, jardunaldien aurkezpenetan ordezkari politiko guztiak kentzea proposatu zuen Diputazioak, EUDEL-en, Eusko Jaurlaritzaren eta Boris Nogales euskara batzordeburuaren iritziaren aurka”.  Orduan bi publikoki ez protestatzea erabaki zutela aipatu du Alkortak “Udaltop bera ez kaltetzeko”.

Aurten Bilduk beste pauso bat eman duela salatzen du EAJk eta “baldintza berriak jarri ditu: EUDEL antolakuntzatik kentzea, honek emandako diru-laguntza ukatuz; eta Udalbiltza eta UEMA sartzea, baina hauek inongo ekarpenik egitea eskatu gabe. EUDEL kaleratzeak Eusko Jaurlaritza, EUDELen eta batzordeburuaren ezezko borobila jaso zuen. Alkateak bat egin zuen Garitanoren menpe dagoen Diputazioko Euskara zuzendaritzarekin eta elkarrekin Udaltop jardunaldien egitura haustea lortu dute. Gaur gaurkoz Diputazioa eta Lasarte-Oriako udala daude soilik antolakuntza lanetan. Bazterkeri hauek Bilduk egiten duen hizkuntza politikaren adierazgarri dira.”

Salaketa hau EAJk egin nahi izan du Udaltop pasata “jardunaldi bera ez kaltetzeko eta horretan lanean diharduten teknikarien errespetuagatik. Bilduk prozesu guzti honetan Udaltop antolaketaren inguruan egin duen erabilera politiko lotsagarria biziki salatu nahi dugu. Udaltop egin bada, ez da Bilduren ordezkariei esker izan, zinez antolatzaile teknikoetan, topaketa beraietan eta euskararen alde lan egiten dutenengan sinisten dugun beste erakundeoi esker baizik. Euskara eta interes sozialak interes politiko guztien gainetik jartzen jakin izan dugu”. Bilduk “ezarri duen betoa” datorren urtean ezingo dela errepikatu esan du zinegotziak neurriak hartuko direla aipatuz.

Batzar Nagusietan galderak

Zorione Etxezarragak hain zuzen, Batzar Nagusietan honen inguruko hainbat galdera egingo dituela esan du Aldundiak azalpenak eman ditzan eskatuz.