Zirraragarria izan zen larunbatean Galtzarabordako kiroldegian jokatu zen partida. Isu Leihoak eta Bilkoin Legorreta taldeak aurrez aurre zeuden Gipuzkoako txapela jokoan.
Lehenengo zatian ederki lan egin zuten Eneko Molinaren mutilek. “Defentsan ongi ibili ginen eta sortutako aukerak ongi aprobetxatu genituen,” aipatu digu entrenatzaileak. Honela 3 eta 0 joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian erritmoa eta jokoa mantendu zuten eta Bilkoin taldeko jokalari bat kaleratua izan zen. “Ez genuen gure nagusitasuna aprobetxatu eta gero fisikoki eta mentalki ez dakit zer gertatu zen,” aipatu du Molinak. Izan ere, Legorretako taldeak baloiaren jabetza eskuratu, haien jokoa egiten hasi eta partidari buelta eman zioten.
Bi kornerretan defentsa lo hartu eta bi gol egin zituzten legorretarrek. Eta hurrengo 10 minutuetan, gainera, beste bi gol ere sartu zituzten.
Ondorioz, ISU leihoak taldeak atezaina jokalari lanetan jarri zuen eta atezainaren ezusteko batean Bilkoinek bosgarrena egin zuen.
Lasarte-Oriako mutilak ez zuten amore eman eta markagailuan hurbiltzea lortu zuten 5-4koa eginez.
Tamalez, jokalari bat kaleratu zuten eta Bilkoinek seigarren gola egin zuen. Honela ISUk Gipuzkoako txapeldunordetza eskuratu zuen.
Pozik denboraldiarekin
Eneko Molina atsekabetua dago larunbateko partidak ihes eginagatik. Hala ere, “bagenekien zaila izango zela finalerdietan eta finalean egotea. Gainera, Bilkoinek partida bakarra galdu du denboraldi osoan,” aipatu digu.
Eta taldeko kideek egindako denboraldiarekin oso pozik agertu da. “Helburua lortu genuen eta pena da bi partidatan guztia jokatzea. Baina denboraldi honetako irakurketa oso positiboa da”.
Hurrengo urtean lanean jarraitzeko asmoa du taldeak baina babesle bila dabiltzala aipatu digute, “babesle lortuz gero, behintzat helburua mantenduko dugu, lehen postuetan izatea”.