Lana erakusteko garaia

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 27a

Kukuka Antzerki eta Dantza eskolako kideek 12. Antzerki eta Dantza astea aurkeztu zuten atzo arratsaldean. Ekainaren 3tik 15era, haur, gazte zein helduen antzerki eta dantza saioak eskainiko dituzte Manuel Lekuona kultur-etxean. Egitarauaz gain, irakasleek haien esperientziak ere azaldu zituzten.

Antzerki eta Dantza eskolak Zabaletan eman zituen bere lehen pausoak. Bi irakasle hasi ziren orduan eta 2 talde zituzten, egun 600 ikasle baino gehiago eta 20 irakasle daude lanean, hauen artean Miren Gojenola, Mikel Sota, Mikel Sarriegi edo Joxerra Fachado izan dira. Zabaletatik Landaberri ikastolara eta hemendik Lasarte-Oria eta beste herrietara, Zubieta, Añorga, Irura. Antzerkitik dantza garaikide, euskal dantza eta euskal dantza sorkuntza-eskaintzera. Herritarrek ederki erantzun dute eta aurten 12. aldiz Antzerki eta dantza astea antolatuko dute.

Urtean zehar lan eta lan egon ostean, iritsi da emaitza aurkezteko garai. Baina irakasleek haien bizipenak azaldu nahi izan zizkiguten antzerki eta dantza asteko xehetasunak eskaini baino lehen.

Kontxu Iartzak eta Maider Oiartzabalek azaldu legez, gehienak eskolako ikasleak eta herrikoak dira. “Niretzat oso aberatsa izan da urte hauetako esperientzia.  Oso polita da ikasle izandakoak orain irakasle lanetan egotea. Lan asko egiten dute,” adierazi zuen Maider Oiartzabalek.

Horren harira, Enara Ieregik “formakuntza ez da eteten. Umeekin ikasten duzuna gero praktikan jarri dezakezu,” aipatu zuen.

Uxue Loinazek, berriz, “eskolak hasierako ilusio berdinarekin jarraitzen du. Herri koloreztatzen dugu”.

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko LH1-3 gaztetxoekin Nekane Solano dabil lanean eta antzerki ariketaz gain, hizkuntza ere lantzen duela aipatu zuen.

Oihana Pozueta eta Eneritz Balerdik aurten euskal dantza-sorkuntza arloan DBHko talde batekin hasi dira lehengoz lanean eta haiekin batera ilusioz koreografia berria prestatzen ari direla aipatu dute.

Jone Ieregik bere lehen urtea du bakarka, Zubietako antzerki taldea darama eta haiekin primeran lan egin duela azpimarratu du.

Iñigo Aranbarri azkoitiarrak ere bere lehen urtea du eskolan eta 12 urteko gazteekin ari da lanean. “Gustura nago eta oso esperientzia positiboa da” aipatu du.

Kontxu Iartzak azpimarratu zuenez, urtean zeharreko lana da garrantzitsua. Enara Ieregik “urtean zehar sukaldatzen den pastela da eta aurkezpena lan osoaren ginga besterik ez da” azpimarratu zuen.

Antzerki eta dantza astea

Era honetara, urtean zeharreko lanari amaiera ederra emateko ekainaren 3tik 15era antzerkia eta dantza izango dira nagusi Manuel Lekuona kultur-etxean.

Aurten berezitasun batzuk izango ditu Kukukako lagunek aipatu digutenez.

Aurreko urteetan bezala, astean zehar goiz eta arratsaldeko saioak izango dira, ostiralak izan ezik. Goizeko saioak ikastetxeetako haur eta gazteei zuzenduak izango dira eta arratsaldeetan gurasoen txanda izango da.

Baina ekainaren 4an, proba modura, bi emanaldi egingo dira adin ezberdinetara zuzendua, bata Landaberriko LH3koen antzerkia 10:00etan eta 18:15ean izango da eta bestean berriz, 12:30ean DBHko dantza eta antzerkiak ikusi ahalko dira eta arratsaldean, 19:30ean, antzerkiak soilik.

Bestalde, ekainaren 12a, osteguna ere egun berezia izango da. Goizez ez da saiorik izango eta helduen antzerki eta dantza emanaldia izango 21:00etatik aurrera. "Proba egingo dugu eta ea nola doan".

Asteburuetan, ostiraletan gazteen saioak izango dira eta ekainaren 13an, dantza garaikideko gazte taldeak emanaldi berezia prestatu du. "Gorputza adierazpena erabiliz haiek sentitu edo esan nahi dutena adieraziko dute oholtza gainean, musika eta koreografia ezberdinak nahastuko dituen saioa izango da".

Eta asteari amaiera emateko Dantzaz Blai eguna! antolatu dute. Bertan bi saio izango dira goizean euskal dantza eta euskal dantza-sorkuntzako lanak taularatuko dituzte eta arratsaldean, berriz, dantza garaikidekoak. Euskal dantzako doinu ezagunak, muxiko, banako edo arrantzale dantzan oinarritutako koreografia berriak... denetarik izango da.

Kukukako lagunek aipatu digutenez, sarrera sinbolikoa izango da arratsalde edo asteburuetako saioetan, euro bat. Tiketak saioak hasi baino ordu bete lehenago jarriko dira salgai, ekainaren 15ean goizeko dantzaz blai saioko sarrerak berriz bi ordu lehenago egongo dira eskuragarri.

Eskolako lagunek herritarrak gonbidatzen dituzte Manuel Lekuonara hurbildu eta antzerki eta dantzaz gozatzera.