Xirimiri elkarteko kideek bihar egun osoko jaialdia antolatu dute 25 urteak behar bezala ospatzeko. Prestatutako egitarauaren baitan azken ekintzak izango dira asteburukoak.
10:00etan, futbito partidua antolatu dute Landaberri BHI eraikineko futbol zelaian Xirimiri-Ostadar taldeen artean. 11:30ean, Okendon herri kirolak izango dira.
Eskualdeko proba mixtoa osatuko dute Aitzaga, Irunberri, Herria eta Xirimiri elkarteetako kideen artean. Trontzan, txingatan, lokotx jokoan eta korrika lehiatu beharko dira taldeak.
Ondoren, 14:30ak aldera, Okendon bertan bazkari herrikoia egingo da. Eguraldi txarra egingo balu, Okendon karpa jarriko dela aipatu dute antolatzaileek.
Bazkalostea girotuko dute Mikel Karton musikariak eta Bertso Eskolako kideek. Egunari amaiera emateko, 22:30ean KWBD, UK BILL, AFU eta Tajon Prieto y Los Kuajolotes taldeen kontzertuak izango dira.
Igandean berriz, 11:30ean marmitakoa dastatzeko aukera izango da Okendon. 12:00etan Xumelarekin kantujira egingo da eta 14:00etan urteurren ospakizunari amaiera emango diote Xirimiriko kideek.