Irakurle txokoa, literaturazaleen bilgune

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 23a

Irailean hasi zuen bere ibilbidea irakurle txokoak eta asteartean egindako saioa izan zen ikasturteko azkena. Hileroko hitzorduan Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria izan dute gidari bertaratutako herritarrek eta hain zuzen, bere azken lana, “Euli-giro” aztertzen bukatu zuten. Oso balorazio positiboa egin dute parte hartzaileek eta datorren ikasturtean ekimenarekin jarraitzeko asmoa azaldu dute. Udara baino lehen jakitera emango dute liburu zerrenda, oporretan irakurketak egin nahi dituztenek aukera izan dezaten.

Lehenengo ikasturtea gaindituta, pozik azaltzen dira irakurle txokoaren sustatzaileak ekimenak izandako harrerarekin. Euskal literatura izan dute batez ere hizpide baina “Irene Nemirovsky, Virginia Woolf eta Alice Munro euskaraz irakurri ditugu ere”. Euskararentzat herrian beste arnasgune bat izateko sortu zen.

Saioetan 20 eta 30 lagun artean elkartu izan dira “lehenengo saioetan jende asko etorri zen, espero baino askoz gehiago. Uxue bera harritu egiten zen baina hilabeteak aurrera, pixkanaka taldea egonkortzen joan da nahiko kopuru finkoan“.

Idazleen bisitak ere izan dituzte. Lehenengoa Miren Agur Meabe izan zen bere “Kristalezko begi bat“ lanarekin eta ondoren, Harkaitz Cano “Twist“-ekin, Irati Jimenez “Nora ez dakizun hori“ eta Eider Rodriguez “Katu jendea“ eleberriekin.

Irakurleek zuzenean galdetu ahal izan dizkiete idazleei euren lanen inguruko zalantzak edota iritziak eman eta irakurleentzat esperientzia polita izan dela azpimarratzen dute.   
Herritar batzuentzat ia euskal literaturara egindako lehenengo hurbilketa izan da eta hori ere nabarmentzekoa dela uste dute sustatzaileek.

Jarraipena
Esperientzia hain positiboa izanda, jarraipena izango du. Dena ondo bidean, datorren ikasturteari urrian emango diote hasiera eta aurten bezala, maiatza arte luzatuko dute hileroko hitzordua. 
“Dagoeneko irakurketak hautatzeko zerrenda osatzen ari gara eta uda aurretik hautatu nahi genituzke, hartara udako oporretan edo behin-tzat denbora izango du jendeak irakurri ahal izateko”. 
Uxue Alberdi izango dute gidari datorren ikasturtean ere. Eta orain arte gerturatu ez diren herritarrak honetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte, “guztiz irekiak dira solasaldiak eta liburuak irakurri gabe ere joan daitekeela gogoratu nahi dugu”. 

Alberdiren Euli-giro
Asteartean egindako azken saioa berezia izan zen.  Arrieskalleta elkartean egin zuten hitzordua kultur-etxean beharrean. Alberdiren azken lanaz hitz egin zuten “Euli-giro” eta ipuin bakoitzaren inguruan iritzia eta galderak egin zizkioten ia lagun artean egongo balira bezala. Hainbat istorioetan erabili nahi izan zuen umorea ulertu zuten galdetu zien idazleak eta honen inguruan, luze mintzatu ziren besteak beste.

Ondoren, kide bakoitzak eramandakoarekin afari-merienda egin zuten eta  horrela amaitutzat eman zuten lehenengo ikasturte arrakastatsua. Datorren urterako hainbat iritzi jaso ziren eta emakumeen literatuta asko irakurri dela aipatu zuen parte har-tzaileetako batek eta akaso datorren ikasturtean kontutan hartzekoa litzatekeela.