Ordu batzuk besterik ez dira falta hauteslekuak ireki ditzaten. Oraingoan Europar Parlamentua osatuko duten gizon-emakumeak aukeratzeko deialdia da. Deialdiak deia du oinarrian eta hauteskunde hauetarako hotsa, ia beti bezala, ahopekoa izan da.

Europa ahotan denean, bereziki politikoen ahotan, eztabaida ez da ohikoa bezain zaratatsua izaten. Begi bistakoa da nahiz lau haizetara Europar Batasunaren garrantzia aipatzen dugun guztiok eta nahiz jakin gure eguneroko bizitza moldatuko duten erabaki asko eta asko Bruselako erakundeen gela grisetan adosten direla, begi bistakoa da nioen bezala, ez dugula horretan sinesten. Oraindik ere garai bateko eskemei lotuta gaude. Nork badu bere ikuspuntu eta begiko talde politikoa eta hark dituen betiko arerio, sesio eta gorabeherak zaizkio inporta, ez urruneko egiten zaizkigun lurraldeetan egosten diren kontuak.Erratuta gaude seko, bai, baina hor gaude oraindik kateatuta.

Eta horren adibide asko badaude ere ez dut uste lekuz kanpo dagoenik bateren bat aipatzea. Herrietan, Lasarte-Orian bertan, udaleko langileek halakotxapakumezko panelak jarri dituzte alderdiek beren kartelak itsasteko. Biluzik daude ia erabat. Beste adibide bat nahi? Igandean hauteskunde gaueko programa izango dugu ETBn eta ahalegina egingo badugu ere, ez du beste edozein bozketako berotasunik izango. Europa osoan gertatzen da gauza bera. Erditze zaila Europako bategitearena!! Ea lar guztien gainetik heldutasunera iristeko aukera duen.