Badator 12. Antzerki eta Dantza astea. Kukuka dantza eta eskolak antolatzen duen astea aurten ekainaren 3tik 15era izango da Manuel Lekuona Kultur-etxean. Ohikoa den moduan, atariko ederra izango du bihar, 18:00etatik aurrera, desfile erraldoia.
Eskolako ikasle eta irakasleak, ia 600 bat pertsona kalera aterako dira herriko kaleak dantza, erritmo eta musikaz betetzera. Baina ez hori bakarrik, Antzerki eta Dantza astea aurki gure artean izango dela ere iragarriko dute guztiek.
Bihar dantzari, zein antzezleek oholtza utzi eta herriko kaleetan barrena dantzan ikusiko ditugu. Baina hauetaz gain, klownak ere izango dira eta hainbat ezusteko ere iragarri dituzte antolatzaileek.
Ibilbidea
Marea berdea arratsaldeko 18:00etan aterako da Manuel Lekuona kultur-etxe paretik eta jarraian, Lasarte-Oriako erdigunean haur, gazte, zein helduen dantzaz gozatzeko aukera izango da. Ibilbideari dagokionez, Geltoki kaletik Hipodromo etorbidera egingo da, bertan Tajamar errotondaraino eta Kale Nagusiti barrena eta Ola kaleko biribilgunera iritsiko dira. Buelta emango eta Okendo plazan amaituko da desfilea.
Musika zuzenean
Kukuka Dantza eta eskolako kideek desfilerako bereziki prestatutako dantzak eskainiko dituzte. Eta adierazi digutenez, desfilean zehar musika zuzenean izango da. Honetarako Trikihots taldearen laguntza izango dute. Gainera, Okendora iritsi eta guztiek eskolako ereserkia dantzatuko dute. Eta inbidiatan izango diren herritarrek ere dantzatzeko aukera izango dute. Izan ere, jai giroari jarraipena emateko, Trikihots taldearen erromeria izango baita. Honek 20:00ak arte, Okendon biltzen diren oin arinak dantzan jarriko dituela aurreratu dute antolatzaileek.
Gonbita
Antolatzaileek gogorarazi nahi dute desfileko partehar-tzaileek eskolako kamiseta edo hau izan ezean, kamiseta berde bat jantzi behar dutela. Honetaz gain, 12. Antzerki eta Dantza asteko egitaraua eta nondik norakoak aurki jakinaraziko dituztela aipatu dute. Azkenik, Kukuka Antzerki eta dantza eskolako kideek herritarrak gonbidatzen dituzte kalera atera eta dantzaz gozatzera.