Euskal Dantzak izango dira nagusi igandean zehar Lasarte-Orian. Beste urte batez, dagoeneko 26 urte dira, Dantzari txiki eguna ospatuko da gure herrian. Sei dantza taldeetako haur eta gaztetxoek Euskal Herriko eremu ezberdinetako dantzak erakutsiko dituzte.
Gonbidatuak
Aurten Erketz Txiki taldeak Kukuka Dantza eta Eskolako lagunak, Errenteriako Ereintza taldeko gaztetxoak, Añorgako Arkaitz Añorgako dantzariak taldea, Barakaldoko Erreka-Ortu taldeko txikiak eta Nafarroako Faltzes herriko Makaia taldeko lagunak izango ditu gonbidatu gisa. “Añorga eta Barakaldoko taldeak lehengoz datoz”, aipatu digute antolatzaileek.
Auzoetan dantzan
Goizetik izango dira dantza taldeak gure artean. Lehen hitzordua, 11:00etan dute talde guztiek Isla Plazan. 11:30ak aldera, talde batzuk Atsobakar aldera, beste batzuk Sasoeta auzora eta azkenek erdiguneko hainbat guneetara, “Manuel Lekuona kultur-etxea, Zapategi, Pintore kalea” hurbilduko dira eta bertan dantza saioak egingo dituzte. 14:00etan, dantza taldeek indarrak berreskuratuko dituzte bazkari batean.
Desfilea eta saioa
Arratsaldean, 16:30ean, Okendon bilduko dira talde partehartzaile guztiak eta jarraian desfilea egingo dute. Okendo plazatik Kale Nagusira aterako dira Tajamar aldera, bertan Hipodromo Etorbidea hartu eta Okendo plazara egingo dute. Ibilbidearen ostean, 17:00ak inguruan, dantza ikuskizunaz gozatu ahalko da. Talde bakoitzak prestatutako saioa ikusiko dute Okendora hurbiltzen direnek.
Amaieran, guztiek batera arin-arin, fandango eta kalejira dantzatuko dituzte. Euria eginez gero, dantzaldi nagusia Kirol guneko pilotalekuan izango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Soka dantza
Bestalde, Erketz EDT eta Erketzeko lagunak dagoeneko San Juan egun bezperako soka-dantza prestatzen hasi dira. Entseguak astelehenero izango dira Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Zumaburuko eraikinean 19:00etatik aurrera. Taldeak herritarrak gonbidatzen ditu Dantzari txiki egunaz gozatu eta soka-dantzan parte hartzera.