Bertsolari harrobia lantzen

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 21a

Bertsotan euren trebetasuna erakutsi dute Landaberri eta Sasoeta-Zumaburuko ikasleek. Ikasturtean zehar Unai Muñoa bertsolariarekin lantzen dute bertsolaritza eta arratsaldean eskainitako bi emanaldietan erakutsi dute ikasitako guztia. Bertso paper lehiaketako irabazleen izenak ere jakitera eman dira.

Gipuzkoako Bertsozale elkartearen ekimena da “Gu ere bertsotan” eta ikastetxeetan bertsolaritza lantzea du helburu. Herrian Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu eskoletan eskaintzen da, udalaren babesarekin, eta honetan ia 300 ikaslek parte hartu dute aurten.

5. eta 6. mailan eskaintzen den irakasgaia da eta hamabostean behin Unai Muñoa bertsolaria arduratzen da eskolak emateaz. Zehazki aurten Landaberrin 8 talde aritu dira, 5. mailan 98 ikasle eta 6. mailan 99. Sasoeta-Zumaburun berriz, hiru talde izan dira, 5. mailan 24 ikaslerekin eta 6. mailan 35.

Ikasgai honen azken helburuetako bat kurtso bukaeran egiten den jaialdi hau da. Honen bitartez, bertsolaritzaren bueltan lanean jardun diren neska mutilei jendaurrean aritzeko aukera eman nahi zaielako proiekzio publikoan trebatu daitezen.

Oholtza gainean ederki moldatzen direla erakutsi dute. Haien gustuko gaiak oinarri hartuta, bertsoak prestatu dituzte eta hauek rapeatzea ere animatu dira. Bertso zaharrak, etxeko lanak, oporrak…entzuleen aurrean ederki moldatu dira guztiak.

Hau guztiaz gain, bertso paper lehiaketako irabazleak ere jakinarazi dituzte: Landaberriko lehenengo saria Beñat Carbayedarentzat izan da eta bigarrena Nerea Calvorentzat. Sasoetako irabazlea berriz, Iñigo Luna izan da eta bigarren saria talde batek eskuratu du, Kendal Guijar, Mikel Monteiro eta Ivan Mateosek hain zuzen.

Saio batzuk bideo galerian.