Zinea, formazio jardunaldiak, ikastaroak, mendi ibilaldia... Xirimiri elkarteko 25. urteurreneko ospakizunak aurrera doaz. Ostegunean, Banaiz Bagara eta Solaskide egitasmoak antolatuta, Munduko arrozak ikastaroa eskaini zen Xirimiri elkartean. 25 bat pertsona bildu ziren elkartean. Giro ederrean, Maffe (Senegal), Gallo Pinto (Nikaragua), paella eta arroza txinatar erara sukaldatu zituzten eta bide batez, euskara lantzeko aukera ere izan zuten. Amaieran, arroz ezberdinak dastatzeko aukera izan zuten eta ez zen umorerik falta izan.
Mendi irteera eta musika
Larunbatean, berriz, goizean Asakatasuna brigadek eskainitako formazio mintegien bigarren saioa izan zen Elebeltz topagunean. Bestalde, elkarteko hainbat lagunek Buruntza mendira egin zuten ibilbidea eguraldi onak lagunduta. Tontorrean talde-argazkia atera eta buelta egin zuten. Gauean, Trumoi tabernan Txoni & JulenK herriko DJ-en musika saioaz gozatu ahal izan zen gaueko ordu txikietara arte.