Herria sambodromo bilakatu dute larunbatean egun osoan zehar Euskal Herriko txoko ezberdinetatik gurera bisitan etorri diren batukada taldeek.
Goizean goizetik hasi eta iluntzera arte sekulako giroa izan da herriko kaleetan eta jende askoren atentzioa deitu dute han eta hemengo danbor eta makil hotsek. Horretaz gain, haurrentzako tailer koloretsu eta umoretsuak ere izan dituzte herriko txikitxoenek gozagarri.
Goizeko egitarauari dagokionez, Zumaburun, Atsobakarren, Sasoetan, Erdigunean eta Okendo plazan bertan aritu dira eskeletoak eta ipurmasailak mugitzen eguerdian txupina botatzeko ordua iritsi den arte.
Maider Gorostegi eta Ibon Fernandez Gazteako esatariek talde bakoitzaren aurkezpena eginda, suziria bota eta Añorgako Eonian elektrotxarangarekin tabernaz taberna ibili dira batukadako kideak.
Amaiera borobila
Indarrak berreskuratzeko herri bazkarian paella ase arte jan eta arratsaldean batukada-prozesioa hasi dute talde guztiek herriko kaleetan barrena Okendoko emanaldi nagusira iritsi arte.
Jendetza bildu da eta Dinbi Bandak goizean bota ez duen izerdia ateratzeko aukera izan du emanaldi indartsu batekin. Egunari amaiera emateko guztiek batera koreografia gartsua osatu dute Zo-Zongoko "pailazo beldurgarriek" gidatuta.
Euskal Herriko II. Batukada Topaketaren argazki galeria: http://txintxarri.info/galeria/590/