Ekainaren 8rako lasarteoriatarrak prest

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 17a

Herriko Gure Esku Dago lantaldeak gaur goizean Kale Nagusian ekainaren 8rako giza katearen entsegu orokorra burutu du. Guztira herrian 577 lagunek erosi dute euren metroa eta jai giroan giza katea, mosaiko erraldoia eta Xumelakoek Kataluniatik ekarritako olibondoa landatu dute Askatasunaren parkean. Atzo ekitaldi handiari aurre hartuz, Joseba Tapia herritarraren kontzertuaz gozatu ahal izan zen Villa Mirentxun.

Gaur eguerdian zen hitzordua Brigitarren plazan. Bertara pixkanaka hurbiltzen hasi dira herritarrak giza katean parte hartzeko gogotsu. Antolatzaileen argibideak adi-adi jarraituz giza katea osatzen joan dira Kale Nagusian itxitako eremua bete arte. Ikurriña erraldoi bat eta Gure Esku Dago egitasmoaren irudia pasa dute herritarrek eskutik-eskura.

Ondoren, komentuaren aurrean elkartu dituzte herritarrak eta Oihana Beltranek eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartzaile guztiei. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea herritarren esku dagoela aipatu du. “Denon artean historian kapitulu berri bat idaztera goaz eta, ez ahaztu aldaketak herriek bideratzen dituztela eta ez beste inor, herriari dagokio zer izango garen erabakitzea”.

Jarraian Xumela abesbatzako Mari Jose Eizmendi eta Gotzon Apaolaza oholtzara igo eta Kataluniako egonaldiaz mintzatu dira eta bereziki, han adierazitako elkartasunaz. Katalanez “Els segadors” abestu dute, bertaratutakoen txalo zaparrada jasoz.

Mosaiko erraldoia osatu dute ostean herritarrek kartulina urdin eta zuri laguntzarekin eta ekitaldiari amaiera emateko, Askatasunaren parkean olibondoa landatu dute. Xumelakoek zuhaitzaren aurrean bi kanta gehiago ere eskaini dituzte  eta “Epo itai ta ye” kantarekin jendea dantzan jarri dute. Hurrengo hitzordua ekainaren 8a izango da Uharte Arakil inguruan.

Tapiaren kontzertua

Ekitaldi honen aurrekari, ostiralean, Joseba Tapia herritarrak kontzertua eskaini zuen Villa Mirentxun. 

Bertara hurbildu zirenek bestak beste, Tximela kapitainaren izarrak diskako abestiez gozatu ahal izan zuten.

Ekintzetako argazki galeria.