Udaleko EHBilduk honako oharra plazaratu nahi izan du, PSE-EEko Jesus Zaballosen aldetik jasotako kritikaren harira. Honek herrian enplegu plan bat garatzearen beharra azpimarratzen zuen.
"Duela hilabete onartu ziren aurrekontuetan gizarte politiken eta gure udalerriaren berraktibazio ekonomiaren aldeko esfortzu bat egiteko apustua egin genuen. Egun, Lasarte-Orian kokatuak dauden establezimenduen %70 baino gehiago osatzen duten komertzio, ostalaritza eta zerbitzu pertsonalak sustatzen ari gara.
Zentzu horretan, 2013ko maiatzean 50 neurri onartu ziren merkatari eta ostalariekin eginiko 12 parte-hartze bileretan eta aurki berriz ere bilerak deituko dira orain arteko eginikoa baloratu eta lanean jarraitzeko. “Tratu on bat” marka sortu dugu gertukotasunean eta kalitatean oinarrituriko kontsumoa bultzatzeko. 2013an irekitako eta 2014an irekiko diren establezimendu berriei laguntzeko 30.000€-ko partida bat onartu dugu, eta Lasarte-Oriako establezimenduen eskaintza guztiak jasoko dituen webgune berri bat martxan jarriko dugu bere mugikorreko aplikazioarekin batera.
Gainera, eskualde mailan ere, esfortzu handi bat burutuko da Garapen Agentzi baten sorrerarekin, egun Gipuzkoa osoan tresna hau falta duen eskualde bakarra baikara. Eta beraz, gure aldetik egiten ari garen iniziatiba garrantzitsu bat dela iruditzen zaigu.
PSEek eskatzen duen planari dagokionean, dudarik gabe, burutuko dugu. Horretarako, alderdi guztietako kideek, sindikatuek, formakuntza zentroek, Lanbidek eta arlo sozioekonomikoan aritzen diren elkarteek parte hartzen duten hilabete honetako batzorde informatiboan gaiaren inguruko lehen gerturapen bat egingo dugu helburuak eta planaren ekintza esparruak zehazteko.
Beraz, Udala ahal duen ahaleginik handiena egiten ari da, nahiz eta lan politika aktiboen inguruko eskumena Lanbide eta Eusko Jaurlaritzari dagokien. Era berean, gogoratu beharra dago joan den irailean PSE eta PNVek enplegua sustatzeko 6.250 milioi euroko akordioa adostu zutela. Eta hori horrela izanda ere, 2013ko deialdiari dagozkion 50.000 euro soilik jaso ditu Lasarte-Oriak aurten lau kontratazio burutzeko eta eskualde mailan guztira 425.831 euro 90 lanpostu sortzeko aurreikuspenarekin.
Bestetik, jakinarazi nahi genuke, komunikabideek zabaldu duten moduan, Eusko Autonomia Erkidegoan langabeziak gora egin duela. Baina, garrantzitsua iruditzen zaigu ñabardura bat egitea, Gipuzkoako lurralde historikoari dagokionean egoera hobetu eta langabezia tasa jaitsi egin baita, aldiz Araba eta Bizkaian igo egin denean. Zehazki, gure kasuan, Lasarte-Oriako langabezia tasa %1,65 batean jaitsi da azken urtean.
Ondorioz, EHBildutik orain artean eginiko apustuan sinesten dugu, lanean jarraituko dugu eta alderdi politiko ezberdinen ekarpenak jasoko ditugu. Gure ustez, zentzu honetan beharrezkoa baita indarrak batzea eta elkarlanean aritzea".