“Artea hemen ez da lehentasuna”

maider-azurmendi 2014ko maiatzaren 16a

Wiesbaden-en jarri berri du Aeolia's park eskultura Pilar Soberon herriko artistak. Donostiarekin senidetua dagoen Alemaniako hiria da eta Wiesbadener Kunstsommer azokaren baitan nazioarteko bederatzi artista gonbidatu dituzte hirian lanak jartzera. Schwalbacher kalean urre koloreko astigar hazi handi bat jarri du.

Pilar Soberon herriko artistak jarri berri du Wiesbaden-en Aeolia's park izeneko eskultura. Astigar hazi bat da. Lan honen inguruan hitz egin dugu berarekin. Bestalde, gaur bertan Donostiako Arteko galerian zabalduko du eskultura honen sorrera prozesua jasotzen duen erakusketa.

Nolatan zure eskultura bat Wiesbaden-en?
Donostia Alemaniako hiri horrekin senidetuta dago eta handik artistentzat sustatutako proiektu baten baitan aukeratu zen nire lana. “9 zubi” izena du egitasmoak eta hango udako arte jaialdiaren baitan gauzatu da. Hain zuzen, herrialde ezberdinetako artisten artean zubiak eraikitzea, elkarlana, harremana sustatzea du helburu. Oso esperientzia polita izan da eta elkar trukeak egongo dira ziur. 

Jaialdiaren aurkezpenean izan zara. Nolako harrera izan duzue?
Oso ona izan da. Erakunde eta arte munduko jende asko bildu zen eta giroa ezin hobea izan zen. Sei arte galeria elkartzen dira urtero udako jaialdi hau antolatzeko eta udalaren babesa dute besteak beste.

Alemanian asko bizitzen du jendeak artea. Asko baloratzen da eta artistentzat izugarria da halako jarrera ikustea. Jende asko gertura-tzen zen lanak ikustera, uki-tzera, galderak egiten zituzten… Hemen iruditzen zait arteari ez zaiola lehentasuna ematen.

Nola prestatzen da halako lan bat? 
Abuztuako asteburu batean joan ginen artista guztiak hiria ezagutzera eta irakasle batek kontatu zigun lanak jarriko ziren tokiaren historia. Hilabete bat izan genuen ondoren proiektua aurkezteko. Bi aurkeztu nituen nik eta horietako bat aukeratu zuten galeristek. 

Lanak Schwalbacher etorbidean jarri dira. Etorbide konplexua da oso, gauza gehiegi dituelako, zuhaitzak, semaforoak, eraikuntzak, errepideak… berez hor jartzeko zerbait egitea oso zaila zen. Errepide arteko berdegunea da azken batean. 

Historia ezagutzeak laguntzen al dio artistari?
Bai asko. Kasu honetan, kalearen alde batean turkiarren auzoa dago eta beste aldean alde zaharra edo erdigunea dena, dendak eta bankuak dira nagusi zonaldean. Bi kontzeptu horiek lo-tzea zaila zen. 
Bertan ere hiru kulturen arteko elkarbizitza dago, turkiarra, judutarra eta alemaniarra. Kale horretan nazien gune bat egon zen eta hildako pila. Horrek guztiak pisu handia du lana egiteko garaian. 
Gainera, kalearen bukaeran Sinagoga bat ikusten da mendian, kupula guztiak urrezkoak dituela.

Jasotako informazio guztiarekin, urre kolorea iruditu zitzaidan lotura hiru kulturetan presente dagoelako. Hornidura eta arkitekturan erabiltzen dute. 

Zenbat denbora eman duzu Aeolia’s park lana egiten? 
Astigar hazi bat da eta bidaiaren ideia osatzen du. Hazi hau hegalaria da, hegan doa leku bat bilatzen sustraiak botatzeko eta niretzat Donostiatik Wiesbadenera doan hazia da,  bidaia egin eta han lur hartzen duena. Bere mugimenduak adierazten duena ere kale honek behar duena da nire ustetan, bi auzo horiek, kultura horiek elkarbizitzan daude, nahastu, elkartu egin behar dira.
Abenduan hasi nintzen eskultura lantzen. Honetarako hainbat adar mota jaso ditut, garai horretan zuhaitzak kimatzen dira eta udaletxera deitu nuen adarrak eskuratzeko laguntza bila. Udaletxetik harremanetan jarri ninduten herriko lorezainekin eta haiek laguntza handia eskaini zidaten. Adarrak hartzen utzi eta gero ere lorezainek nolako adarrak behar nituen jakinda, estudioan utzi zizkidaten. Benetan eskertu behar diet emandako laguntza.

Azken pausoa fundiziora eramatea izan zen. Prozesua konplexua izan da eta hau azaltzeko, making off-arekin erakusketa bat egingo dut Arteko galerian. Marrazki eta argazkiekin osatu det, gaur 20:00etan zabalduko da. Nik gauzak marrazten ditudanean ulertzen ditut. Funtsezkoa da niretzat marrazkia.

Zergatik izen hori?
Aeolia, 2010ean Bilbon egin nuen erakusketa bat da eta hor 400 astigar hazi erabili nituen. Pareta batean jarri nituen ibilbide bat osatzen eta argazkia atera nien. Baso utopikoa balitz bezala ikusten zen.
Izena, Eolo haizearen jainkoagatik jarri nion, latinez Aeolia zela ikusi nuen eta egokiagoa iruditu zitzaidan lanarentzat, femeninoagoa. Izan ere, haziak direnez, germen, erreproduzitzeko gaitasunarekin du harremana.

Betirako izango al da hor?
Ez, bi hilabete luzez, uztailaren 19a arte egongo da, jaialdi hau, udakoa iraun bitartean. Bueltatu behar naiz konferentzia ematera nire lana aurkezteko. 

Zer suposatzen du artista batentzat atzerrian lanak jartzea?
Gaur egun dena. Jende berria ezagutu, zure lana zabaldu. Halako egitasmoak oso aberasgarriak dira artistentzat. Italian, Milanen egon nin-tzen duela bi urte. MIA argazkilaritza azoka zen eta Artekorekin eraman nuen nire lana. Esperientzia aberasgarria eta beharrezkoa da atzerrira ateratzea. 

Zein proiektutan zaude une honetan murgilduta?
Lanean ari naiz, baina ezin da oraindik esan zertan. Gaur, ostirala, Artekon instalazioaren making off-a inauguratuko dut eta Kutxa Boulevard aretoko Dissolutio erakusketaren “desinaugurazioa” egingo dut.
Azken hau luzatu egin da eta igandea izango da azken eguna. Erakusketak iraun bitartean, lan gehiago eraman ditut, laborategi moduan egon dira eta garapen bat izan da. Ez ohiko erakusketa izan dela esan daiteke, transformazio bat. Urarekin zerikusia duten argazkiak daude eta uraren transformazio hori islatzen duten elementuak.

Adibidez, lanetako batean jarri nituen 100 litro ur edukiontzi batean eta koadro moduan sartu lurrean. Utzi eta aste betean ura desagertu zen. Burdinezko koadro handia herdoilduta geratu da eta materialean utzi du aztarna. Hasieran, ez nekien zer egin berriz bete edo ez. Azkenean, obraren ondoan jarri nuen “hemen egon ziren 100 litro ur”, uraren prozesua argi erakusten zuela iruditu zitzaidan eta kontzeptuari garrantzia ematea erabaki nuen. 

Erakundeek nahikoa babesten al dute artea?
Nik uste dut baliabideak baditugula artistak eta artelanak adibidez atzerrian sustatzeko baina gero, azokak etab. antolatzeko garaian agian ez dugu behar beste egiten. Nire esperientziarekin bakarrik neurtzea zaila da. Artista asko gara eta egun atzerrian asko mugitzen ari direnak badaude. Krisia medio, beste esparruetako profesionalak bezala, atzerrira joatea beste biderik ez da ikusten zenbaitetan.