Ttakunek Earra! Bertso eskolarekin batera eta Udalaren babesarekin, urtero bezala Udaberriko bertso saioa antolatu du maiatzaren 23an. Ostiralean 22:00etan izango da hitzordua Manuel Lekuonan eta iazko saio arrakastatsuaren ostean, aurtengoa ere primerakoa izango dela diote antolatzaileek. Azpimarratzekoa da, azken urteetan saio hau larunbatetan egin izan dela baina aurten hauteskundeak medio, ostiralera pasatzea erabaki behar izan dela.
Herriko bertsozaleentzat hitzordu garrantzitsua da hau eta maiatzaren 23an, oholtzan izango dira Maialen Lujanbio, Xabi Paia, Ane Labaka eta Unai Muñoa bertsolariak. Hauek lanean jarriko dituzte hainbat herritarrek eta ohi bezala ez da faltako herriko taldeen parte hartzea. Guztira 65 lagun igoko dira oholtzara. Dantzan, abesten, antzerkia egiten edo gai jartzaile modura arituko dira besteak beste.
Musika protagonista
Zero Sette akordeoi orkestra, Kukuka antzerki eta dantza eskolako ikasleak, Udal musika eskolako ikasleak, Aitor Atxega, Amaia Tejeria eta Jokin Ayerregaray, Txalagore taldea, Imanol Epelde eta Txorrotxioka taldea dira parte hartzaileetako batzuk.
Estilo ezberdinetako musikak izango dira nagusi eta umorerik ere ez dela faltako aurreratzen dute antolatzaileek. “Ezusteko asko izango dira baina horiek ezin dira aurreratu. Soilik esan daiteke ikusleek ederki pasako dutela”.
Imanol Epelde da parte hartuko duen gonbidatu horietako bat. Honen izena ezaguna egin da Etxepareren testuak rapeatzeagatik. Zarauzko irakaslearen 27 zapata bloga ere ezaguna da.
Umorea Txorrotxioka taldeak jarriko du besteak beste, saioarako bereziki prestatutako esketxekin. Kukukukako dantza sorkuntza taldeak Txalagoreren txalaparta doinuekin pieza bat eskainiko du. Aitor Atxega, Amaia Tejeria eta Jokin Ayerregaryk osatutako hirukoteak, espreski bertso saiorako prestatutako bi pieza eskainiko dituela ere aipatu dute antolatzaileek. Guztira ordu eta erdi inguruko iraupena izango duen saioa izango da.
Sarrerak
Sarrerak dagoeneko salgai daude 3,24 eurotan lasarteoriasarean.eu weban eta leihatilan 3,50 eurotan. Antolatzaileek jendea animatzen dute honetara gerturatzera. “Oso bertsozaleak ez direnentzat ere polita izango da”.