Errugbi partida garrantzitsua larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 15a

Beltzak Ostadar Errugbi eskolako kideek asteburu ederra dute. Euskal Ligako taldeak Ordiziaren aurka jokatuko du, 16 urte azpikoak Ejearen aurka eta eskolako bi gazte Gipuzkoako selekzioarekin jokatuko dute. Honetaz gain, 14 urte azpiko taldea Gipuzkoako txapeldunorde izan da.

Beltzak Ostadar Gure Etxea Euskal Ligako taldeak larunbatean 15:00etatik aurrera, kirol gunean partida garrantzitsua jokatuko du Ordizia taldearen aurka. Partida honetan B taldeko lehen postua dago jokoan.

Partida gogorra eta zaila izango dela iragarri dute Ostadarreko kideek. Bi norgehiagoka jokatu dituzte aurten eta garaipenetan bana berdinduak daude.

Partida interesgarria beraz, Kirol gunean ikusiko dena.

Beltzak Ostadar Jalai 16 urte azpiko taldeak, berriz, Eibarren jokatuko du Ejearen aurka.

Txapeldun ordeak eta selekzioa

Bestalde, Beltzak Ostadar Jalai 14 urte azpiko taldea Gipuzkoako Ligako txapeldunorde izan dela jakinarazi du taldeak. Hernani taldeak irabazi du txapelketa eta hirugarren Bera Bera izan da.

Eta Jon Ibisate eta Julen Cubreiro Gipuzkoako selekzioarekin La Floride, Baionan izango direla ere azpimarratu dute. Hauek “La Cote Basque” selekzioaren aurka lehiatuko dira.