Udaltop Soziolinguistika jardunaldia Manuel Lekuonan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 15a

Gaur eta bihar bitartean Udaltop Soziolinguistika jardunaldiak egingo dira herrian. Aurten lehenengoz bat egin dute Udaltop eta Soziolinguistika Jardunaldiak. Alde batetik, herri administrazioetako euskara teknikarien mundua, eta, bestetik, soziolinguistikarena, “Euskara erabiltzeko planak: elkarrekin berritzen” gaiaren inguruan hausnartuko dute. Bi egunetako egitarauari hasiera eman diote Pablo Barrio alkateak, Zigor Etxeburua Foru Aldundiko Euskara zuzendariak eta Olatz Olaso Soziolinguistika klusterreko lehendakariordeak.

Aurten lehenengoz Udaltop eta Soziolinguistika jardunaldiek bat egin dute eta bi egunetan berrikuntzaren inguruan hausnartuko dute Manuel Lekuonan. Jardunaldian parte hartzen ari diren adituek hitzaldiak eskaini eta entzuteaz gain, taldeka lan egiteko hainbat dinamika jorratuko dituzte.

Parte hartzaile guztiei ongi etorria eman die Pablo Barrio alkateak. Olatz Olaso Soziolinguistika klusterreko lehendakariordeak elkarrekin lana egin, ikerlarien lanak hausnartu eta horietan oinarrituta gauza berriak egiteko ausardi beharra nabarmendu du, “auzolanaren ideia zabaltzea”. Zigor Etxeburua Foru Aldundiko Euskara zuzendariak hainbat datu eman ditu eta finean, administrazioek euskararen erabilera bermatu behar dutela azpimarratu du.

Jarraian, lehenengo hitzaldia Iñaki Martinez de Lunak orain arteko euskara plangintzen balorazio soziolinguistikoa egin du. Nekane Goikoetxea HUEZItik eta EHUko Juanjo Arrospidek itxiko dute goiza.

Euskararen Bidegorria

Arratsaldeko lehenengo saioan, elkarrizketa formatoan egin dutena, Iñaki Arruti herriko euskara teknikaria aritu da Junkal Txurruka Eibarko udaleko teknikariarekin batera. “Arduradun politikoak linguistikoki ahalmentzeko edabe magikoaren bila” izena eman dioten hizketaldiari eta bi udal hauetan udal ordezkariekin egin den lanaz mintzatu dira. Herriko kasuan, duela hiru urte udalaren baitan hasitako Travel Klubaz hitz egin du Arrutik. Lehenengo aldiz alkate elebiduna izanda, euskarari udalean beste presentzia bat ematea posible zela sinistuta lanketa berezia aurkeztu zieten euskara saileko teknikariek udal ordezkari berriei eta hauen prestutasunetik abiatuta lanketa handia egin dela aipatu du. Honen adibide dira, "2010ean, urtean 2.500 inguru egiten dira, udaleko alkate dekretuen %3 besterik ez zela egiten euskaraz eta 2013an %23 izan ziren. Udalbatzarretako interbentzioak ere neurtzen ditugu eta kasu honetan, 2010ean interbentzioen %14 zen egiten zen euskaraz eta 2013an, %54 izan dira". Travel Klubean parte hartzen ari diren zinegotzien interbentzioak euskaraz %80 izan direla ere aipatu du udaleko teknikariak.