Gidabaimena euskaraz ateratzea animatu nahi dituzte herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 14a

“Gidabaimena euskaraz” 2014ko kanpainaren aurkezpena egin da Hipodromoko aparkalekuan eguerdian. Honetan elkartu dira Buruntzaldeako udalek sustatutako ekimenean parte hartzen dute autoeskoletako ordezkariak eta Astigarragako Udaleko gazteria zinegotzia, Ione Olatziregi, eta Lasarte-Oriako Boris Nogales zinegotzia Buruntzaldeko Udalen izenean.

Azken urtetan bezala, Buruntzaldeko Udalek jarraitzen dute gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz gainditzeagatik sariak banatzen, horrela animatu nahi dituzte herritarrak, esparru honetan ere, euskara erabil dezaten.

Kopurua urtez urte gora doa eta iaz 135 izan ziren euskaraz gidabaimena atera zuten herritarrek eta aurten gehiago izatea espero dutela azpimarratu dute.

Sariketan parte hartzeko baldintzei dagokionez, Buruntzaldeko herriren batean erroldatuta Egon behar da, gidabaimenaren atal teorikoa gainditzea 2014ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitartean Buruntzaldeko autoeskoletakoren batean eta inprimakia beteta entregatzea egitasmo honekin lankidetzan diharduten autoeskoletan: Andoaingo Bengoetxea eta Mendi;  Loiolako Otamendi, Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi; Lasarte-Oriako Izarra, Lasarte eta Mugica eta  Urnietako eta Usurbilgo  Solozabal auto eskoletan.

Parte hartzen dutenen artean zozketa egingo da 2015eko urtarrilean, eta 11 sari banatuko dira: Andoainen 2, Astigarragan 1, Hernanin 3, Lasarte-Orian 3, Urnietan 1, eta Usurbilen 1. Sariek teorikoaren balioa izango dute, gehienez 400 euro.

Aurki egitasmoaren informazioa jasoko dute etxeetan 2014an 18 urte beteko dituzten gazteek, baina  edozein herritarrek eskura dezake autoeskoletan.