Iñigo Ibarburuk Euskadiko Errekorra Tarbesen

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 14a

Asteburuan Buruntzaldea IKT-ko Ainara Garcia, Nahia Jie Villamediana, Mikel Esnal, Haitz Mitxelena eta Iñigo Ibarburu Gipuzkoako selekzioarekin lehian izan dira Tarbeseko nazioarteko lehiaketan. Itsaso Tolosa ezin izan zen Tarbesen egon gaixo zegoela eta.

Guztiak finaletan izan ziren lehian, baina emaitzarik aipagarriena Iñigo Ibarburuk 50 m. tximeleta proban gazten mailan lortutako lehen postua da. Izan ere, 26,04 segundorekin Euskal Herriko Errekor berria egin baitzuen lasarteoriatar gazteak. Aurreko errekorra Yeray Lebonek zeukan, 26,11 sg. Honetaz gain, marka honi esker, Udako absolutu mailako Espainiako txapelketarako txartela ere lortu zuen.

100 m. tximeleta proban ere garaile izan zen gaztea eta 200 m. libretan hamargarren. 4x100 libre eta 4x100 estilo probetan ere junior taldean parte hartu zuen eta brontzezko eta zilarrezko dominak eskuratu zituen.

Bestalde, Ainara Garciak 50 m. eta 200 m. bular probetan bere marka hobetu zuen eta bere mailako hirugarren izan zen 50 m. bular proban. 4x100 estilo proban ere izan zen lehian eta laugarren amaitu zuen taldeak.

Nahia Jie Villamediana ere ederki moldatu zen eta 100 m. tximeleta proban bi marka pertsonal hobetu zituen bata 50 m. pasean eta bestea amaieran, 100m.-ak amaitzerakoan. Gainera, bere mailako garaipena eskuratu zuen. 200 m. bizkar proban ere bere marka hobetu zuen.

Mikel Esnal ere ez zen gaizki ibili 50 m. libre proban hirugarren amaitu zuen eta bosgarren izan zen 100 m. libre eta 50 m. bizkar probetan. Gainera, senior mailako taldean egon zen erreleboetan eta 4x100 m. libreetan urrezko domina eskuratu zuen eta estiloetan brontzezkoa.

4x100 estiloko erreleboan ere Haitz Mitxelena izan zen lehian eta beraz, brontzezko domian eskuratu zuen. Bestalde, Haitzek tximeleta probetan parte hartu zuen eta 100 m. proban seigarren izan zen eta 200 m. proban berriz zazpigarren.