UdalTop Soziolinguistika, udaletako euskara-zerbitzuen topaketa berriro ere gurean izango da. Ostegun eta ostiralean Euskal Herriko euskara teknikari, zein soziolinguistikoek “Erabiltzeko planak: elkarrekin berritzen” topaketetan parte hartuko dute.
Honetan herri erakundeen barruan euskararen erabilera zabaldu eta, aldi berean, trinkotzeko eratzen diren planak izango dira hizpide.
Hitzaldiak
UPV-EHU edo Mondragon Unibertsitateko HUHEZI-ko soziolinguistika adituek, UEMA, Gipuzkoako Foru Aldundi, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Sailetako kideek zein Udaletako teknikariek eskainiko dituzte hitzaldiak. Udaletako esperientziak edo unibertsitate eta soziolinguistika klusterrak egindako azterketak aurkeztuko dituzte topaketan. Hala nola, Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuko burua Iñaki Arrutik Eibarko Junkal Txurruka teknikariarekin batera “Arduradun politikoak linguistikoki ahalmentzeko edabe magikoaren bila: Eibarko eta Lasarte-Oriako udaletako errezetak” mintzaldia eskainiko du ostegun arratsaldean.
Erronkak eta hobekuntzak ere aztertuko dituzte ostiralean eta topaketei amaiera emateko “nola berritu euskara erabiltzeko planak elkarrekin?” talde-lana egingo dute.