Herriko etxetik suprefeturaraino iritsi da giza-katea eta aurrez aipatutako udal ordezkaritzaz gain, ekimenean parte hartu dute EH Bai, LAB edo Baterako ordezkariek. Sylvain Alaux diputatu sozialista eta giza eskubideen aldeko elkarteetako hainbat kide ere bertaratu dira Baionara.
Herrirako ordezkariek Giza Eskubideen aldarrikapen unibertsala lantzen parte hartu zuen Rene Cassin zenaren etxe aurrean egin dituzte adierazpenak.
Epaileak preso lasatoriatarraren zigorra eteteko eskaera astelehenean bertan aztertuko du. Horregatik, Ibon Fernandez Iradi aske uzteko eskatu diote asteburuan legearen araberako baldintza guztiak betetzen dituela argudiatuz. Egungo egoera politikoa eta balore demokratiko eta humanitarioak ere kontuan izatea eskatu dute.
Izan ere, esklerosi anizkoitzak "osasun arloko profesionalen jarraipen iraunkorra" exijitzen duela adierazi zuten senide eta lagunek eta hori Lannemezango espetxean ez dela posible.
Esklerosi anizkoitzaren sintomak, Fernandez Iradiren kasuan, aparatu digestiboarekin lotuta daudenez, elikadura egokia behar du eta espetxea "infekzio foku" eta "estres sortzaile" izanik, haren askatasuna eskatzen dute gaitza ahalik eta hobekien sendatzen laguntzeko.
Bestalde, pilotakadaz pilotakada ekimena egin da larunbat goizean Loidi Barrengo pilotalekuan eta hamar bat lagun aritu dira pilota astintzen dispertsioaren kontra eta presoen eskubideen alde.