Aterpeak udalarekin batera Udaberri festa antolatu du maiatzaren 16an

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 9a

Eguerdian Aterpea eta udaleko ordezkariek aurkeztu dute Udaberriko festa. Maiatzaren 16an dendek kalera aterako dituzte euren produktuak eta elkarteko kide diren tabernek euro 1ean izango dituzte pintxo eta kafeak.

Datorren ostiralean herriko dendek “Udaberriari ateak zabaldu” nahi dizkiote eta horretarako antolatu dute Udaberriko festa.

Ekimena Aterpea merkatari eta ostalarien elkarteak eta Udalak sustatutako da eta Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak esan bezala, herriko merkataritza sustatzeko beste ekintza bat da. Egun honetan Aterpeako kide diren 26 dendek euren produktuak dendatik atera eta kalean jarriko dituzte salgai eta tabernen kasuan, euro batean edukiko dituzte kafeak eta pintxoak.

Denda askok deskontuak eta eskaintza bereziak ere izango dituztela azpimarratu nahi izan du Ormazabalek aurkezpenean.

Hala ere, herrian egun osoan festa handia izan dadin, beste hainbat ekintzaz gozatzeko aukera ere izango da. Okendo plazan 18:00etatik aurrera puzgarriak izango dira, Zirkoa Oriamendi plzan 17:30etatik 20:00etara, Alndapa plazan motoen kontzentrazioa izango da 19:00etan, Urruzola dendan izango dira Pirritx eta Porrotx 17:00etatik 18:00etara beraiekin argazkia eta sinadura nahi duten haurrek jaso ahal izateko. Haurren marrazki lehiaketa egingo da Zumaburu liburudendan 17:00etatik 19:00etara.

Arratsaldean zehar, Amalur pandero eta trikiti eskolakoek girotuko dituzte herriko kaleak.

Alkateak herriko merkataritza bultzatzearen garrantziaz hitz egin du eta Aterpeakoei eskerrak eman dizkie azkenaldian egiten ari diren lanagatik. “Guretzat Lasarte-Oriako hirugarren sektorea indartzea ezinbestekoa da, azken finean sektore hau baita gure ekonomiaren euskarri nagusia”.

“Duela hilabete aurkeztu genituen Udaleko aurrekontuak eta bertan gure herriko egoera ekonomikoa suspertzeari begira bi arlo garrantzitsu azpimarratzen genituen: batetik eskualde mailako elkarlana eta horretarako ari gara lanean Eskualdeko Garapen Agentzia baten sorreran, eta bestetik, gure udalerriko 3.sektorearen aktibazioa”.

Alkatearen ustetan merkatari elkarte indartsu bat oso onuragarria da sektore honentzako eta “behar den guztian laguntzeko prest gaude”.

Udalak elkarteko kide guztiei egun horretarako beraien erakusketak kalera aterata eta zoru publikoa okupatzeko baimena eman die alkateak azaldu duen bezala. Maiatzaren 16an merkataritzaren erakusleiho handi bat bihurtuko da Lasarte-Oria.