Maiatzaren 17an, Lasarte-Oria dantzan jarriko dute berriro ere. Bigarren urtez, Euskal Herriko Batukaden Topaketa ospatuko da gure herrian. Dinbi Banda taldeko kideak, Zo-Zongó! taldeko Odei Astibia eta Udal ordezkariek gaur eguerdian aurkeztu dute topaketa.
Boris Nogales, Kultura batzordeko buruak, Dinbi banda talde zoriondu du egindako lanarengatik, "iaz erronka luzatu eta ederki eutsi diote. Ea hurrengo urtean handiagoa egiten den".
Mikel Olaiz Dinbi Banda taldeko kideak azaldu duenez, "aurten Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiako 10 talde izango dira Topaketetan. Arantzatxo bat dugu Iparraldeko talderik ekarri ahal izan ez dugulako".
Era honetara, Iruñeako KaleanBatu, Gasteizko Kumbalaye eta Beriba, Zornotzako Zaparrada, Bilboko Batukale, Otxandiko BatukOtx, Urnietako BurunTzanTzan, Donostiako Taupada, Zo-Zongó! taldea eta Dinbi Banda taldea izango dira Lasarte-Oriako kaleak erritmoz betetzen.
Goizeko 11:00etan taldeak herriko auzoetan barrena ibiliko dira. 12:30ean, guztiak Okendon bildu eta poteoa izango da Eonian elektrotxarangarekin.
18:30ean, ekitaldi nagusia izango da Okendo plazan. Honetan talde bakoitzak 10 minutuko emanaldia eskainiko du eta amaieran, topaketetako berrikuntza bat aukeztuko dute.
Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldi nagusia Loidi-Barren pilotalekuan izango dela aurreratu dute.
Berrikuntzak
Aurkezpenean azaldu denez, aurten bi berrikuntza aurkeztuko ditu topaketak.
Batetik, haurren tailerra izango da larunbata goizean. "Iaz haurrentzako tarte bat behar zela ikusi genuen. Musical 72-ren instrumentu eta birziklatutako beste batzuekin haurrekin tailertxo bat egingo dugu. Etxetik ere ekarri ditzakete tresnak. Gainera saiotxo bat ere egingo dugu 12:30ak aldera" adierazi dute.
Bestetik, ekitaldiari amaiera emateko Zo-Zongó! taldeko Odei Astibiak bereziki topaketarako sortutako erritmo bat joko da. "Topaketari amaiera emateko zerbait behar zela ikusi genuen eta talde guztiek batera, 170 bat perkusionistak batera joko dugun erritmo bat otu zitzaidan", adierazi du.
Azkenik, egunean bertan argazki lehiaketa bat ere martxan jarriko dutela aurreratu dute, "sari berezia izango du".
Taldeak eskerrak eman nahi izan dizkio, Musical 72 musika tresna dendari, Gaztea irratia eta Ttalaka orrialdeari haien laguntza eskaini izanagatik.
Ekintza berezi eta topaketaren inguruko informazio gehiago Dinbi Bandaren web orrialdea.