Herriarteko txapelketa asteburu honetan hasiko da. 23 herrik parte hartuko dute eskuzko txapelketan eta Lasarte-Oria horietako bat izango da. Lehen arerioa Zestoa da. Larunbatean 19:00etan Zestoan jokatuko dituzte joaneko partidak eta maiatzaren 17an, etorriko partidak ikusi ahalko dira 16:00etan kirol guneko pilotalekuan. Lehen norgehiagoka honetan Eneko Sarasola eta Jagoba Mendizabal kadeteek, jubenil mailako Asier Arteaga eta Aritz Solano eta Jon Peio Artetxe eta Mikel Elola seniorrek parte hartuko dute. Eta iaz ez bezala, lehen kanporaketa gainditzea espero dute. Jose Felix Solanok taldeko arduradunak aipatu digunez, buruz buruko berdindua izango da, nahiz eta Lasarte-Oriak hurrengo faserako sailkatzeko aukera gehiago izan.
GRAVNIn garaile
Asier Arteaga eta Aritz Solano Gipuzkoako selekzioarekin GRAVNI txapelketan izan dira lehian. Lehengo asteburuan finalak jokatu zituzten gazteek. Arteagak ezker hormako jubenil mailako binakako finala jokatu zuen Erasunekin batera Bakaikoa eta Sarasa nafarren aurka ostiralean. Partida gogorra izan zen. Pilota geldoa zen eta gipuzkoarrek lan asko egin behar izan zuten partida irabazteko, 22-19.
Bestalde, Aritz Solano Xabi Azpiroz oiartzuarrarekin batera trinketeko jubenil mailako binakako txapeldun izan zen. Sanchez eta Albisu nafarrak eta txapelketako faboritoak irabazi zituzten gipuzkoarrek, 25-40. Nahiz eta partida hasiera kaskarra izan, 1-9 edo 17-7. Solanok eta Azpirozek ez zuten amore eman eta adorez, partidari buelta eman eta bikote nafarrak ezin izan zuen ezer egin.