Giza-katearen "entsegu orokorra" maiatzaren 17an Kale Nagusian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 9a

Lasarte-Oriako Gure Esku Dago lantaldeak ekainaren 8an Iruñea eta Durango artean egingo den giza-katea baino lehenago, azken ekimenak izango direnak antolatu ditu herrian maiatzaren 16 eta 17an. Ostiralean, maiatzaren 16an, Joseba Tapiaren kontzertua izango da Villa Mirentxun eta 17an berriz, giza-katea egingo da Kale Nagusian 12:00etan hasita. Honetan parte hartzera deitzen dituzte dagoeneko izena eman duten herritarrak baita ekainaren 8an parte hartu ezingo dutenei ere. Argazkia aterako da eta Xumelak Kataluniatik ekarritako olibondoa landatuko da amaieran.

Gure Esku Dago ekimenak antolatutako giza-katearen eguna gerturatzen ari da. Hau dela eta Euskal Herrian zehar osatutako lantaldeak dena prestatzen ari dira ekainaren 8an dena ondo atera dadin.
Lasarte-Oriako Gure Esku Dago dinamikak ere lanean jarraitzen du “euskal herriak izan dezan hitza, gure etorkizuna hemen erabakitzearen alde”. Horretarako, ekainaren 8ko giza-katearen aurretik azken ekitaldi jendetsua antolatuko du maiatzaren 17an. Programa “erakargarria eta animatua” prestatu dutela diote taldeko kideek eta herritarrak honetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. 

Giza katea Kale Nagusian
Maitzaren 16an, ostirala, Joseba Tapiaren kontzertua antolatu dute 22:00etan Villa Mirentxun. Dagoeneko sarrerak salgai daude Jalgin 8 eurotan eta honetara gerturatzeko aukera izango da “bete arte”. 
Larunbatean, maiatzaren 17an berriz, giza-kate handia osatu nahi da Kale Nagusian eta hitzordua 12:00etan jarri da Brigitarren komentu aurrean. “Ekainaren 8ko giza-katera apuntatu diren partaide guztiak deitzen ditugu zein bertara joateko aukerarik ez duten herritarrak. Izan ere, ekainaren 8ko entsegu orokorra izango da eta azken herri argazki jendetsua aterako dugu. Mundiala izango da!” adierazi du taldeak. 

Mosaiko erraldoia osatu eta argazkia aterako da ondoren. 

Olibondoa
Horretaz gain, Xumela koruak Katalunian zehar egindako bisitatik, Lladó herritik zehazki, opari bat ekarri du. Gironako Lladó herriko alkateak olibondoa oparitu zion Xumela abesbatzari bi herrien arteko ametsak “bat eta bera” direla adierazteko. Bidaiatik bueltan, Lasarte-Oriako Gure Esku Dago taldeak maiatzaren 17rako antolatutako ekitaldian olibondoa landatzeko egun aproposa zela iritzita, proposamena luzatu zion taldeari eta taldeak, “opari handi gisa jaso du”. 

“Honenbestez,  giza-katea eta mosaikoa egin ondoren, ekitaldia amaitzeko olibondoa landatuko dugu Gure Esku Dago taldeko eta Xumela abesbatzako kideek. Katalunia eta Euskal Herriaren ametsak bat egin eta bi bideak elkar indartzeko ekitaldi sinbolikoa polita izango da”. 

Olibondoa Askatasunaren eta Dorre parkearen artean landatuko da, “udaleko lorezainek hautatu dute olibondoarentzat kokaleku egokiena”.

Aurreikuspenak gaindituta
Lasarte-Oriari, Usurbilekin batera, bi kilometro osatzea egokitu zitzaion Durango eta Iruñea lotuko dituen giza-katean eta guztira 666 lagun lortzeko erronka zuten bi herrietako lantaldeek. 
Aurreikuspenak aise gainditu dira ordea eta bi herrietan dagoeneko ia 1.000 lagunek eman dute izena. Hala ere, parte hartzaile gehiago onartuko dira “hilabete amaiera bitartean behintzat”. 
Beraz, oraindik metroa erosi ez duten herritarrei gonbidapena luzatzen zaie. 

Maiatzaren 17an bertan, mahaia jarriko da izena eman eta autobus txartelak erosteko. “Orain arte jendeak autobusa nahi duen edo ez esan du metroa erosterakoan, eta 17tik aurrera izango da aukera egun oso edo egun erdirako autobus txartelak erosteko”.