Lastur harana ezagutzen

Txintxarri Aldizkaria 2014ko mai. 9a, 11:10

Oinatz taldeak oraingoan Debabarrena aldera egingo du bisita maiatzaren 18an, Lasturko haranera, hain zuzen ere. familien-tzako egoki den txangoa antolatu dute gainera. Taldeak goizean mendi ibilbide motza egingo du ur-garraio ondoetatik eta haranean dauden errota, gaztandegi eta ehundegi bat ikusiko dituzte.

Haurrekin gozatzeko irteera prestatu du oraingoan Oinatz taldeak, maiatzaren 18rako. Debabarrenan Lasturko harana eta garai bateko errota edo gazta eta artilezko produktuak nola egiten diren ezagutu ahalko dute haur, zein helduek.

Goizeko 09:00etan Sagardotegi kaletik atera eta Lasturko bailarara egingo du taldeak. Debako udalerrian kokaturik dago Lasturko bailara, euskal kostaldeko Geoparkearen erdi-erdian.
Bailararen hondoa Lasturko errekastoak zeharkatzen du eta ur-garraioetatik zehar ibilbideak daude. Honetaz baliatuz, Oina-tzeko lagunek aterpetxeko kideen eskutik, 5 kilometrotako ibilbidea egingo dute kanaletan barrena.

Bisitak
Bazkal ostean, haranean dagoen errota eta Goikola baserriko gaztandegi eta ehundegia bisitatuko dituzte. Lasturko errotak egoera onean daude. Beraz, taldeak irina nola ekoizten den ikusiko du. Ostean, Goikola baserrira hurbilduko dira. Honetan jarduera nagusia Idiazabal jatorri-deiturako ardi-gaztaren artisau elaborazioa da. Gaztandegia eta elaborazio prozesua ikusi eta gazta dastatu ahal izango dute irteerara doazen herritarrek. Honetaz gain, baserriaren ondoko ehundegi txikia ere bisitatuko dute. Bertan, baserriko ardien artilea eraldatzen dute: txarrantxatzea, irutea, tindaketa naturalak eta goi eta behe irazki-harizko ehundegia.

Izena ematea
Oinatzeko lagunek azaldu dutenez, errota, gaztandegi eta ehundegiko sarrerak bertan ordainduko dira, 6 euro eta izena emateko orduan autobusa bakarrik ordainduko da, 10 euro. Talde txikia apuntatuz gero, kotxeetan antolatuko litzateke joan-etorria. Bazkariari dagokionez, bakoitzak bere jana eraman beharko du. Txangoan izena ematea Ttakunen egin behar da. Epea maiatzaren 16an itxiko da.