Lasarte-Oriako Ingurumen saileko buruak Nerea Sanchezek gaur eguerdian eskainitako prentsaurrekoan, Animaliak Babesteari eta Edukitzeari buruzko Ordenantza Munizipala hilabete amaieran indarrean jarriko dela jakitera eman du.
“Gaur argitaratu da GAOn eta maiatzaren 27an indarrean jarriko da”, aipatu du Sanchezek.
Hau dela eta, Lasarte-Oriako etxeetan banatuko den eskuorria aurkeztu du zinegotziak.
Honetan, Ordenantza berriaren hainbat puntu azaltzen dira eta txakurrak pasiatzeko erabili daitezkeen gune ezberdinen plano bat ere agertzen da.
Bertan ordutegiaren arabera bereizitako lau eremu aurki daitezke. Batetik 24 orduetan aske ibili daitezkeenak, bestetik jabearen ardurapean 18:00etatik 11:00etara aske ibili daitezkeenak, Askatasunaren parkean udan 23:00etatik 10:00etara eta neguan 21:00eatik 10:00etara erabli ahalko da eta azkenik, belargunean sartu ezin diren hiru eremu daude Parke Botanikoa, Atsobakar parkea eta Tximistarreta parkea.
Hauek Udalak martxan jarritako partehartze prozesuan erabakitako guneak direla azpimarratu zuen Ingurumen saileko buruak, “elkarbizitza egokia bilatze aldera”.
Jardunaldiak
Era berean, bilera hauetan txakurrek sortu ditzaketen arazoak konpontzeko jardunaldiak ere eskatu zituzten herritarrek.
Eskaera horri erantzunez, “Más etología aplicada” taldeko kideekin batera antolatutako “Jakin beharrekoa txakurra eduki” aurretik jardunaldiak ere aurkeztu ditu Udalak agerraldian.
Manuel Villar elkarteko etologoak azaldu zuen legez, maiatza eta azaroa artean egingo diren 6 saio teoriko eta bi praktiko izango dira. Manuel Lekuona kultur etxean izango dira saio teorikoak 19:00etatik aurrera.
Hauetan txakurren hazkuntza, hezkuntza metodoak azaldu eta batez ere, herritarrek izan ditzaketen arazoak konpontzen saiatuko dira.
Lehen saioan, maiatzaren 14an, hizlarien aurkezpena eta solasaldia egingo dute eta jendearen kezkak entzungo dituzte. Saio hau irekia izango da.
Gainontzeko saioetan parte hartzeko izena eman behar dela azpimarratu du Nerea Sanchezek.
Bi modu izango dira horretarako, bata udaletxe berriko 4. solairuan, 9:00etatik 13:30eta eta bestea posta elekroniko bidez, ingurumena@lasarte-oria.org. Mezuan herritarraren izena abizena, NAN eta telefono zenbakia eta txakorraren arraza zehaztu beharko dira.
Jardunaldien informazioa ere eskuorrian dago eskuragarri.