Pilar Soberonen lanak maiatzaren 18ra arte Kutxa Boulevard aretoan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 6a

Pilar Soberon artista lasarteoriatarraren Dissolutio erakusketa Kutxa Boulevard aretoan dago ikusgai. Erakusketa ikusteko azken aukera apirilaren 27a bazen ere, honen arrakasta ikusirik amaiera epea aldatu eta beste hiru astez, maiatzaren 18ra arte gozatu ahalko da herritarraren lanetaz.  

Dissolutio erakusketan argazkiak, instalazioak, bideo-sorkuntzak, marrazkiak eta soinuak nahasten dira. "Gizabanakoengan erreakzioak pizteko sortu dira, baita erakusketa-eremuaren mugetan barrena esploratzeko ere," azaltzen du artistak.

Lanak komunikazio-bide berrietarako esperimentuetako probetak dira erakusketa honetan. Horregatik azken emaitza alde batera utzi eta ikuslearen parte-hartzea eskatzen du herriko artistak,  hau “funtsezkotzat” jotzen du eta.

Erakusketaz gozatzeko asteartetik igandera, 17:00etatik 21:00etara hurbildu daiteke Kutxa Boulevard aretora. Sarrera doakoa da.