Hamaika ekimen Xirimiri elkartearen 25. urteurrena ospatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 5a

Xirimiriko kideek elkartearen 25.urteurrena ospatzeko antolatutako ekintza egitaraua aurkeztu dute. Ostiraletik aurrera, zinema, musika, bazkari herrikoia eta beste hainbat ekimen izango dira eta hauetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Xirimiriko kideek elkartearen 25.urteurrena ospatzeko prestatutako ekintza egitaraua aurkeztu dute. Honen baitan mota guztietako ekimenak eman dituzte jakitera. Nabarmendu nahi izan dute egitarau honen baitan, izan zirela herriko pailazoek Manuel Lekuonan apirilaren 26an eskainitako ikuskizunak.

Horrela, ostiralean, maiatzak 9, 22:00etan eta maiatzak 11 igandea 19:30ean Quai D’Orsay filma ikusi ahal izango da kultur etxean Okendo Zinema Taldearen eskutik.  Maiatzaren 10ean eta 17an berriz, “Herri jantzia, garaipenaren hazia” formazio mintegiak egingo dira Elebeltzen, Askapenaren eskutik.

Maiatzaren 15ean,  20:00etan “Munduko Arrozak” gastronomia tailerra burutu ahal izango da Xirimirin bertan, Banaiz Bagara eta Ttakuneko Solaskide taldearen eskutik. Izen ematea solaskide@ttakun.com helbidean egin behar da edo elkartean dagoen zerrendan, maiatzaren 12a baino lehen.

Maiatzaren 17an 8:30ean mendi irteera antolatu da Xirimiritik Buruntzara. Ondoren, `Gure Esku Dago´ ekimenera jaisteko asmoa dagoela azaldu dute. 22:30ean Txoni & JulenK DJen saioak izango dira Trumoi tabernan. Maiatzaren 23an ere 22:30ean Big Time Sound System DJak musika jarriko du Ilargi tabernan.

Maiatzaren 24a larunbata, izango da ospakizunerako egun handia. 10:00etan futbito partidua antolatu da, 11:30ean herri kirolak, eskualdeko proba mixtoa; Aitzaga, Irunberri, Herria eta Xirimiriren artean. 14:30ean Okendon bertan bazkari herrikoia egingo da eta honetan heldu zein umeentzako menuak izango direla jakitera eman dute. Haurrek 14:00etan bazkalduko dute eta begiraleak egongo dira ondoren jolasean aritzeko. Bazkaloste girotua izango da Mikel Karton eta Bertso Eskolako kideen eskutik eta egunari amaiera emateko, 22:30ean KWBD, UK BILL, AFU, Tajon Prieto y Los Kuajolotes taldeen kontzertuak izango dira.

Maiatzaren 25ean 11:30ean marmitako txapelketa egingo da eta honetan parte hartzeko ere aurrez izena eman behar da Gure Etxea tabernan edo elkartean jarri den zerrendan maiatzaren 21a baino lehen. 12:00etan Xumelarekin kantujira egingo da eta 14:00etan urteurren ospakizunari amaiera emango zaio.

Kamisetak ere atera dituzte Xirimirikoek eta hauek herriko hainbat tabernetan jarriko dituzte salgai 10 eurotan. Ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak.