Igerilariak ederki Huescako sarian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 5a

Buruntzaldea IKT-ko gazteak Panticosa aldean izan dira entrenatzen Pazko Astean. Irteerari amaiera emateko, Huesca Hiria sarian parte hartu zuten eta hiru domina, junior onenaren saria eta 14 marka pertsonal berri lortu zituzten igerilariek.

Buruntzaldea IKT-ko igerilariek ez dute atsedenik hartzen. Apirilaren 23tik 26ra taldeko infantil, junior, promesa eta absolutuak Panticosan lanean izan dira. Eta gainera bertan zeudela baliatuz, “XXII. Huesca Hiria” sarian lehiatu ziren larunbatean.

Borja Apeztegia entrena-tzaileak azaldu duenez, “oinarrizko lana egiteko oso baliagarria izan da irteera”. Txapelketari dagokionez, bakoitzak bi probetan parte hartu behar zuela aipatu du, bata 100 m. eta bestea 50 m. luzerakoa eta bi denborak batzean sailkapena osatzen zela ere aipatu du. Igerilariek markak hobetu zituzten eta kasu batzuetan saria ere eskuratu zuten, Ainara Garciak eta Iñigo Ibarburuk urrea lortu zuten,  lehenak bular estiloan eta bigarrenak estilo librean; Itsaso Tolosak berriz, brontzea lortu zuen bizkar estiloan. Honetaz gain, Iñigo Ibarburuk egindako denborei esker, bere markak hobetu zituen, junior mailako igelari onenaren saria ere eskuratu zuen.

Markak hobetuz
Baina ez zen Iñigo izan marka pertsonala jaisten bakarra: Nahia Jie Villamediana infantilak 50 m. tximeleta proban, estilo bereko 50 m. eta 100 m. probetan Maialen Casadok, Ainara Garciak 50 m. bular proban, Mikel Sotok 50 m. libreetan, Nora Irazusta eta Amaia Izagirrek 50 m. eta 100 m. bizkar proban, Leire Carcedok eta Unai Irigorasek 50 m. eta 100 m. libreetan markak egin zituzten.
4x50 m. libre errelebuetan nesken taldea bederatzigarren izan zen. Mutilen taldeak, gehienbat infantilek osatua, 13. postuan amaitu zuen.

Gipuzkoako Selekzioa
Hau guztiaz gain, entrenatzaileak jakitera eman duenez, datorren asteburuan Mikel Esnal, Haitz Mitxelena, Iñigo Ibarburu, Itsaso Tolosa, Ainara Garcia eta Nahia Jie Villamedian Gipuzkoako selekzioarekin “Les 24eme Nautiqques de Tarbes” Nazioarteko Sarian lehiatuko dira.