Gemma Sanginés “Hiztun kontzientea izatea da gakoa”

maider-azurmendi 2014ko maiatzaren 5a

TELP (Taller d´Espai Lingüístic Personal) tailerraren sor-tzaileetako bat da Gemma Sanginés. Psikologo honek Ferran Suayekin batera garatutako metodologiak hizkuntza gutxituetako hiztunen jokamodu “paranormalak” aztertu eta hauek gainditzeko behar diren tresnak erakustea du oinarri. Valentzian katalaren erabilera izan zuten abiapuntu baina euskararekin eta orokorrean hizkuntza gutxitu guztietan aplikatu daitezkeen tresnak direla argi dauka. Aurreko astean hainbat ikastaro eman zituen Lasarte-Orian.

Gemma Sanginés Euskal Herrira urtean lau bost aldiz etortzen da ikastaroak direla eta. “Valentziatik askotan Euskal Herrira etortzea ezinezkoa egiten zaigunez, EMUNek hartu zuen Euskal Herrian TELP ikastaroak landu eta zabaltzeko ardura”. 

Ez da Lasarte-Oriara egiten duzun lehenengo bisita...
Ez 2006an TELP ikastaroa ematera etorri nintzen Iñaki Arrutik gonbidatuta. Uste dut Euskal Herrian eman genuen lehenengo TELP-a izan zela hura. 

Psikologoak izanda nolatan hasten zarete hizkuntzaren esparruan?
Ikusi genuen hizkuntza gutxituetako hiztunek oso jokaera arraroak izaten genituela zenbaitetan. Katalanaren aldeko manifestazio batean, Estudiants per la Llengua taldeko gazte batzuk taberna batera sartu eta erdaraz eskatzen entzun genituen. Konturatu ginen katalanez eskatu eta tabernariaren “zer?” entzunda, gaztelerara pasa zirela. Ikusi genuen hizkuntza mantendu nahi duten eta haren aldeko jarrera duten hiztun batzuek euren egunerokoan ez dutela oso modu koherentean jokatzen. 

Ohartu ginen agian ez dela soilik kontzientzia kontua, eta halako egoeren aurrean nola jokatu behar den jakiteko baliabideak falta zaizkigula. Bururatu zitzaigun psikologo bezala, hiztunei tresna batzuk eskaintzen hizkuntza asertibitatea lortu genezakeela.

Baliabide bankua garatu eta voluntaris per la lengua-ko ikasleekin frogatu genuen. Oinarrizko psikologiarekin uztartuz, uko edo sumisio linguistikoa zergatik egiten dugun landu genuen. Arrakasta izan eta metodologia garatu genuen.

Valentzian kalatalaren inguruan sortu baina euskararekin lotura berehala egin zenuten?
Soziolinguistika klusterrak gonbidatu gintuen eta bertakoek berehala ikusi zuten hemen euskararekin egoera berdinak bizitzen zirela eta  ondorioz, metodologia aplikagarria zela.
Hemen landu dugu baina baita Galizian, herrialde katalan guztietan, Andorran. Azken kasu honetan tailerrak behar dituzte eta horrek erakutsi digu estatu bat atzean izatea ez dela nahikoa hizkuntzarentzat.

Edozeini zuzendu al zaio TELP saio bat?
Esango nuke beharrezkoa dela kontzientzia linguistikoa edukitzea. Euskal hiztun batzuek arazorik ez dute gaztelerara pasatzeko. Ez die karga edo deserosotasuna eragiten. Arazoa dute euskaraz bizi nahi duten hiztunek. Esparru askotan trabak aurkitzen dituzte eta ikastaroan lantzen diren bezalako tresnak behar dituzte. Tarteka gatazkak piztu daitezke beste pertsonak euskararekiko jarrera oldarkorra azaltzen badu eta jakin behar da erantzuten. 

Gakoen artean, euskaraz hitz egitea legalki gure eskubidea dela oso argi eduki behar dugu eta baita ez ahoz-ko komunikazioa %70 dela elkarrizketa batean, beraz keinuekin asko esan dezakegu hizkuntza aldatu gabe.

Gure ideia zabaltzeko liburu bat idatzi genuen Sortir de l'armari lingüístic eta neurri handi batean adituek edo gaiarekiko kezka dutenek irakurri arren, publiko zabalarentzat eskuragarri dago.
Hiztun gutxituen autoestimu falta aipatzen duzue…

Bai, autoestimu falta eta errodun sentimendua. Gure jokaera askok hori erakusten dutelako. Lagun talde euskaldunean euskaraz ulertzen ez duen norbait sartzen bada zer egiten dute besteek? Gazteleraz hitz egiten dute berarekin baina baita gainontzekoekin ere. Hori zergatik egiten dugun galdetuta, erantzuna izan ohi da beste pertsona deseroso edo gaizki ez sentiarazteko dela. Baina egoera horretan, ez al gara gu deseroso sentitzen gure lagunekin gazteleraz mintzatzera derrigortuta?

Autobuserako txartel bat eskatzeko garaian, leihatilako pertsonak gazteleraz esateko esaten digunean gu ez al gara gaizki sentitzen? Atzerritar batekin jarrera berdina hartuko luke pertsona horrek? Atzerritar batek ez luke hizkuntza aldatuko. Egoera hauen inguruan hausnartu eta jarrera kontzientea hartu behar dugu.

Hizkuntza ohiturak aldatzea zaila al da?
Bai, hala da. “Nire bikotea gazteleraz ezagutu nuenez, beti gazteleraz egiten dugu gure artean. Ezin dugu aldatu”. Oso ohikoa da erantzun hau bikote, senide, lagun edota lankideen artean. Harremana hizkuntza batean eraiki dela dirudi baina aldaketa egin daiteke.

Bakaikun hau frogatzeko proba bat egin genuen “Es ke erdaraz ezagutu genuen elkar” deitu genion. Hiru bikoteak hizkuntza aldaketa egitera iritsi dira. Urte bete barru ikusi nahi dugu ea eusten dioten hizkuntza aldaketari. Hala izateko, tresnak landu genituen.


Hiztunek lana dugu baina erakundeek zer egin behar dute?
Hiztuna babestu behar dute, beharrezkoak diren legeekin eta hauek betearazten. Bestalde, euskara erakargarria egin behar dute. Kanpaina onak egin direla iruditzen zait. “Lehenengo hitza euskaraz” adibidez, oso eraginkorra da. Euskadunari begi kolpez adierazten diozu euskaraz zuzendu daitekeela langilearengana, zerbitzua euskaraz jaso dezakeela etab. Horrek nekea kentzen dio hiztunari, ez du estres linguistikorik pairatzen. 

Erakundeek tresnak eman behar dituzte, eredu onak, normalak hiztunengan modu positiboan eragiteko. Aipatu behar dut udalak erabaki duen diskriminazio posiboarena ere oso egokia iruditzen zaidala.

Euskararen osasuna zein dela iruditzen zaizu?
Osasuntsu dago baina erabileran eragin beharra dago. Euskal Herrian orokorrean jarrera ona dago hizkuntzarekiko, Valentzian berriz jarrera ez da ona katalanarekiko. Baina hemen falta da gaitasunean eragitea.

Jendeak euskara badaki baina ez du erabiltzen eta erabilpenik gabe, jarioa galdu eta ondoren gaizki hitz egitearen beldurragatik edo ez du euskara erabiltzen. Aldatu behar da hau baina baikorrak izateko garaia dela uste dut eta behingoz amaitu hizkuntzaren inguruan entzun ohi diren jarrera ezkorrekin. Euskara bezalako hizkuntza zahar batek azken 20 urtetan egin duen aldaketa oso positiboa da. 

Euskaldun berria zara…
Bai eta ia hemendik kanpo sortua. Bilbotarra naiz baina aspaldi nago Euskal Herritik kanpo. Euskara ikasi nuen 20 urterekin kanpora bizitzera joan aurretik eta nolabait TELPa eta ama izatearekin batera hasi nintzen euskara berriz erabil-tzen.