ISU Leihoak taldea play off-ean izango da

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 3a

ISU Leihoak taldeak denboraldiko lehen fasea amaitu du. Ostiralean garaipena eskuratu zuen Tellatuberri taldearen aurka (3-1) eta sailkapenean hirugarren postua eskuratu du. Hurrengo asteanplay off-ean izango da hortaz.

Lasarte-Oriako kiroldegian sailkapeneko hirugarren eta laugarren taldeen arteko norgehiagoka borrokatua izan zen.
Etxekoak aurreratu ziren Ander Petxarromanen baselina-golari esker. Lehen zatia amaitzeko bost minutu falta zirela ordea Landerrek penaltia egin eta banakoa sartu zuten zaldibiarrek. Bigarren zatia hasterako berriro aurreratu zen ISU Petxak orpoz baloia sareetara bidalita eta hirugarrena Mikelekin bat-bikoa eginda sartu zuen.

Play-offerako prest
Hamalau partida irabazi, bost berdindu eta lau galdu ostean, hirugarren postua ziurtatua zuen taldeak Gipuzkoako Ligan. 
Helburua lehen lauren artean geratzea zen eta lortu dute. “Denboraldiko lehen buelta kaxkarra izan zen, amaieran buelta eman genion eta bigarren itzulian berriz, ez dugu partidarik galdu. Goiko taldeekin gainera, berdinketa lortu dugu. Ea nola doan play-offa”, aipatu du Molina prestatzaileak.
Honela, hurrengo larunbatean, sailkapenaren bigarrenaren aurka jokatuko du,  Oiartzunen aurka hain zuzen. Partida bakarreko kanporaketa izango da, eta etxetik kanpo jokatu beharko dute. 
“Hiru aste izan ditugu partida prestatzeko. Zaila izango da han galdu egin baikenuen eta hemen berdindu. Baina aukerak izan ditzakegu ongi jokatuz gero”, aurreratu du Molinak.