Iritsi da aurten ere Dantzaren Nazio Arteko eguna eta honekin batera dantzari eta dantzazaleen ospakizuna!!!!!!
Askotan entzun izan dut jendearen ahotan dantzatzen ez dakitela. Ezin egiatik urrutiago egon adierazpen hori egiten dutenek, izan ere dantzak mugimenduarekin eta adierazpenarekin zerikusi zuzena du eta zer da ba egunero, uneoro egiten duguna? Ba horixe, mugitu eta adierazi, beraz ezin lezake inork esan hori egiten ez dakienik.
Dantza zentzu zabalenean ikusirik, pertsonen barne munduko emozioen adierazpide dela esango nuke. Dantza gizakion bizibidean beti egon izan da. Erritual dantzetatik hasita, gaur egungo antzokietan ikusi ditzakegun ikuskizun sofistikatuetaraino. Aitzinean dantzak funtzio sozialak betetzen zituen, dantza bakoitzak bazuen nolabaiteko zer esana edo mezua. Dantza komunitatean, elkarrekin egiten zen. Ospakizunetan edo eta eskakizunetan, erritual moduan. Komunitate horietan dantza adierazpide bezala bizitzen zuten gizaki haiek, ez dut uste dantzan zekiten ala ez galdetzen ziotenik euren buruei. Soilik dantzatu egiten zuten, adierazpenaren gozamenari tokia utziz.
Gaur egungo gizartean aldiz, dantza ez da berdin bizitzen beste gauza asko bezalaxe. Gaur egungo gizarte, konpetitibo honetan, denak “onenak” izan behar dugun gizarte honetan, norbanakoaren baloreak, giza baloreak pikutara bidali dituen gizarte honetan, zenbaitzuk dantzatzen ez dakitela pentsatzera iritsi dira eta are gehiago nahiz eta izugarri gustuko izan, dantzari uko egitera ere iritsi direnak badira. Dantza ez da soilik “profesional perfektuek” egin dezaketen adierazpen artistikoa. Dantza ez da inorena. Inork ezin diezazkioke mugak jarri, dantza izatekotan gizakion ondarea da. Denon eskura dagoena, nahi duenak, nahi duenean eta nahi duenarekin disfrutatu dezakeena.
Aska ditzagun ba gure barrenak eta jar gaitezen denok dantzan!!!
Dantza dezagun elkarrekin bizitzaren dantza!!!