Amaia Gonzalez: “Dantzan diziplina behar da“

Txintxarri Aldizkaria 2014ko api. 29a, 11:59

Europako txapelketatik bi bigarren sari ekarri ditu Amaia Gonzalez Caballero herriko dantzariak Jose Mari Orbegozo bere dantza bikotearekin batera. Aurten saltsa eta pasodoblean eskuratu dituzte emaitza hoberenak baina orokorrean oso pozik daude egindako lanarekin. Urtetik urtera lehia handiagoa dela dio.

Uda garaian izaten dira emanaldi gehienak eta Dantza Eskola, familia eta txapelketak uztartzea ez da erraza. Horregatik urteko hitzordu garrantzitsu bezala manten-tzen dute Amaia eta Jose Marik Torremolinosen egiten den Europako dantza txapelketa. Aurten ere bertan izandako emaitzarekin pozik daude. 

Nola hasi zinen dantzan?
Donostiako kontserbatorioan 10 urtez egon nintzen dantza ikasten. Zazpi urterekin hasi nintzen dantza klasikoan. Betidanik gustatu izan zait dantza-tzea, nire gurasoak andaluzak dira eta etxean sevillanak gustatzen zitzaizkidan asko. Hauek dantzatzen ere etxean ikasi nuen, senide eta lagunei ikusita. 

14 urterekin udako hilabeteetan Sevillako kontserbatorioan sevillanak ikastera joaten nintzen, teknika ikasteko. Eta garai horretan ere Donostiako dantza eskola batean hasi nintzen areto dantzak ikasten. 
Ondoren, Parisera joan nintzen eta bertan dantza irakasle izateko beharrezkoa nuen prestakuntzarekin hasi nintzen. Bar-tzelonako beste dantza eskola bateko ikasketekin uztartuz, tituluak eskuratzen joan nintzen.

Nolatan hasten zara txapelketetan?
Hasieratik. 21 urterekin Jose Mari Orbegozo nire dantza bikotea ezagutu nuen eta berak gogo handia zeukan lehiaketetan parte hartzeko. Prestatu eta bi txapelketetara joan ginen. Egun berean Euskadiko txapelketa zen eta nazioarte mailako beste trofeo bat hemengo eta herrialde ezberdinetatik iritsitako dantzarien artekoa. Biak irabazi genituen.

Txapelketa hori irabazteagatik, Europako sarian parte hartzera gonbidatu gintuzten eta horretatik ere, beste lau lehenengo sari eskuratu genituen dantza modalitate ezberdinetan. 
Hortik aurrera, txapelketetan murgildu ginen eta gaur arte. Urte asko dira lehian.

Dantzatzeko zer behar da?
Dantzarako diziplina da beharrezkoa. Esfortzu handia eska-tzen du eta prestakuntza ordu asko. Fisikoki ez da bestelako ariketarik egin behar printzipioz, dantza orduek laguntzen dizutelako forma eta fondoa lantzen besteak beste. 

Nire kasuan klase ordu asko dira eta horiei gehitu behar ditugu entseguak, emanaldiak etab. baina luzaketak egitea funtsezkoa da eta adibidez, tango pausoak behar bezala egin ahal izateko, ballet klasikoan oinarrizkoak diren barra ariketak egiten ditut. 

Txapelketetarako prestatzeko ordu gehiago sartzen ditugu entsaiatzen eta horrek fisiko onean egotea ekartzen du. 

Edozeinek egin al dezake dantza?
Bai noski. Dantza oso ariketa ona da haur zein helduentzat. Ia 80 urte arteko ikasleak ditut nik. Ariketa ona izateaz gain, pausoak ikasteko koordinazioa landu eta memorizatu behar dira. Ondo pasatzen da dantzatzen eta normalean gustagarria den ariketa izanda, errazago egiten zaigu konstantzia mantentzea. 

Dantzan hasteko garaian, mundu guztiak esaten du “oso baldarra naiz, ez daukat belarririk…”  landu daiteke eta egia da badagoela jendea zailagoa egiten zaiona baina orokorrean bukaeran, erritmoa sartzen da.

Modan dago dantza egitea?
Modak eragin handia du batez ere gazteengan. Adibidez, telebistan Fama bezalako saioek arrakasta izan dutenean ikusi ahal izan dut eskolan bertan. Lehen areto dantzak ikasteko haur talde bat beti edukitzen nuen baina orain dantza urbanoa, funky eta mota horretakoak eskatzen dituzte. 

Europako txapelketan izan zarete. Nola joan da aurten?
Konpetentzia handia egon da. Urtetik urtera gogorragoa da lehia, 30-50 urte arteko kategorian aritzen gara eta dagoeneko Jose Marik 50 urte ditu eta aitortu behar da, finaletan 30 urteko bikoteek gainditu gaituzte.

Hautatze faseak oso ondo igaro ditugu guztietan lehenengo eta bigarren postuak eskuratuz baina finalean, ia egunero laugarren izan gara eta beste bitan bigarren geratu gara.  
Batzuetan irabazi gaituen bikotea ez da izan hobea dantzatzeagatik, estetikak asko egiten du. Gainera azken fasean epaileak ez dira aurreko faseetako dantzari profesionalak izaten, telebista munduko jendea izaten da eta gustagarri zaiona bozkatzen du, irudiak hauen-tzat garrantzia handia du nire ustez.

Saltsa eta pasodoblean lortu ditugu bigarren sariak. Txapel-ketan, 80 bikote ginen hasieran, hautaketa fasean 30 bat pasa-tzen ginen eta finaletan 17 bikote lehiatu izan gara. 

Emaitzak ikusita datorren urtean zer?
Kantabrian ospatzen den nazioartelo txapelketan izan gara eta lehenengo saria ekarri dugu chachacha-n eta bigarrena dantza konbinatuan. Udan emanaldi asko izaten ditugu eta zaila da txapelketetan gehiago parte hartzea. Familia, lana…

Europako hurrengo txapelketara joango zarete?
Ikusiko da baina uste dut baietz. Txapelketako maila ikusita oso emaitza ona da bi bigarren sari ekartzea eta zergatik ez. Hain zuzen, ikasle batek txapelketara joan aurretik galdetzen zidan ea ez ote zen hobeto izango, txapelketen mundutik aldentzea bertara joan eta saririk ez ekartzen hastea baino. 

Sari asko lortu ditugu urte guzti hauetan eta ardura ere bada hara joan eta ezer ez ekartzea baina uste dut horrek momentu honetan gure profesionaltasuna ez duela zalantzan jartzen. 
Zaila da txapelketen mundua, esan bezala 30-50 urte arteko mailan aritzen gara eta datorren urtean hau gaindituta izango du nire bikoteak. Niri urte batzuk falta zaizkit 50 betetzeko eta ondo pentsatu beharko dugu zer egin. 

Bestalde, Europa mailako txapelketara joateak beste irakasle batzuekin harremanetan egotea ahalbidetzen digu, tendentzia berriak ezagutu… gure lanerako beti da aberasgarria.