Errugbiaz gozatuz

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 27a

Kirol gunean errugbiaz gozatzeko aukera izan da asteburuan. Gaur, eskolen topaketa izan da, atzo berriz, Babyauto Zarautz eta Universitario Bilbaoren arteko partida.

Beltzak Ostadar Jalai, Eibar-Arrasate, Irun, Zarautz, Atletico San Sebastian eta La Unica taldeko 100 bat gazte izan dira gaur goizean kirol gunean.

Handienen antzera, partidetan gogor egin dute lan txikiek. Paseak, meleak eta entsegu politak ikusi ahal izan dira.

Bukatzean noski hirugarren denboraz gozatu ahal izan dute guztiek.

Beltzak Ostadar eskolako lagunek aipatu digutenez, 14 urte azpiko taldeko Jon Ibisate eta lehenengoz Alex Saletas izan dira epaile lanetan. 

Topaketako irudi batzuk argazki galerian.

Seniorrak

Atzo arratsaldean, berriz, euria lagun, Euskal Ligako senior mailako Babyauto Zarautz eta Universitario Bilbao RT-ren arteko norgehiagoka ikusi ahal izan zen.

Lasarte-Oriako zortzi gaztek jokatu zuten partida honetan Unai Urruzola, Imanol Galarraga, Ander Rekondo, Andoni Amonarriz, Aimar Mitxelena, Oihan Corchero, Ibai Mitxelena eta David Vega eta gogor egin zuten lan.

Babyautok garaipena behar zuen. Partida interesgaria izan zen eta mugimendu handikoa. Lehen zatiko azken minutuetan eta bigarren zatian nagusi izanez, ederki lortu zuen helburua Zarautz eta Lasarte-Oriako jokalariak nahasten dituen taldeak. 38-12 irabazi zuen.