Herriko presoak gogoan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 26a

Hilabeteko deialdiari erantzunez hainbat herritar bildu zen atzo euskal presoen eskubideak aldarrikatu, preso larrien askatasuna eskatu eta dispertsio politika salatzeko.

Okendo plazan egin zen elkarretaratzean, azken hilabetean hasitako ekimenari jarraipena emanez herriko presoen berri ematen zuten.

Lehengo hilabetean Ibon Fernandez Iradiren egoeraz mintzo ziren; aste honetan, berriz, Rafa Diez eta Jabi Gallagaren berri eman zuten haien senide eta lagunek, “hurbiletik jaso nahi baitugu haien berri”.

Ekitaldia hasi baino lehen, hurbildu ziren pertsonen hitzak bildu eta presoei bidaliko zaien eskutitz mosaiko bat osatuko dutela adierazi zuten antolatzaileek.

Honetaz gain, Ibon Fernandez Iradiren gaixotasuna dela eta egin den zigorra eteteko eskaera maiatzaren 12an aztertuko dela ere eman zuten jakitera.

Jarraian, Algortatik etorri ziren Jabi Gallagaren ama eta anaia Toñi eta Mikelek Kordoban bizi duen egoeraz mintzatu ziren; Naike Diez Rafaren semeak aitak Santoñan  idatzitako eskutitza irakurri zuen eta bisitara joandako bi presoen lagunek ere haien bizipena eskaini zuten.

Bilkura amaitzeko, Jabi eta Rafari zuzendutako bertsoak ere entzun ahal izan ziren.

Eta aurreratu zutenez, hurrengo hilabetean, Xanti Arrozpide eta Aitzol Iriondo izango dira gogora ekarriko dituztenak.

Bertsoak: 

Doinua: Uso txuria zera zu 

Iraganeko Lasarte,

ilusioen aterpe,

ametsak ez daude merke!

Jabi eraman zigutenenik

pasa dira hainbeste urte,

eta zauriak ez dira itxiko

etxera itzuli arte.

 

Lan egiteko kemena

ta amesteko ahalmena, 

hori da Rafak duena.

Pauso bat haratago eman nahi

ta lotuta daukatena;

gerra zaleek bakea baita

duten etsai handiena.

 

Momentu gogorrenetan

egon behar da benetan

maite ditugunen bueltan.

Mendeku senak preso dauzkate

Espainiako zuloetan,

baina geroa ezin da erein

iraganeko minetan.