Munduko dantzak ikasteko aukera izango da maiatzeko asteartetan. Ttakunek antolatutako dantza plaza ikastaroaren baitan hilabetez herrialde ezberdinetako dan-tza tradizionalak ikasteko aukera izango da.
Joxe Roteta izango da irakaslea eta berak adierazi moduan, batez ere Europako herrialdetako dantzak izango dira irakatsiko direnak “nagusiki Grezia, Frantzia, Alemania, Eskozia, Irlanda, Portugal, Balkanetako herrialdetakoak baina baita Mexiko eta Turkia bezalako herrialdetako batzuk ere”.
Dantzatzeko errazak
Euskal dantza asko ikasteko denbora behar izaten dela dio Rotetak baina kasu honetan, “oso dantza politak eta errazak dira, ordu batean sei dantza ikasteko aukera izango da”.
Dantza tradizional hauek batez ere borobilean dantza-tzen dira “bakar batzuk bikoteka egitekoak dira, baina kasu hauetan ere, bikotea aldatzen goaz dantzak aurrera egin ahala beraz, esan daiteke taldeka dantzatzekoak direla denak”.
Joxe Rotetak Kantabrian La Perezosa atseden etxean asteburu batean egindako munduko dantzen ikastaroan zaletu zen. Han ezagututako jendearekin hemen talde bat osatu nahian irakasle bila hasi eta Errenterian elkartzen hasi ziren Patxi Monteroren gidaritzapean.
Egun Donostian talde bat gidatzen du Joxe Rotetak eta azken urteetan, ikastaro ezberdinetara joanda trebatzen jarraitu dela dio.
“Lehenengo asteburu hartan dantza batzuk ikasi genituen, musika eman eta bideo batzuetan dantzak ikusita ikastera animatu gintuzten”.
Danzas sin Fronteras jaialdira bost urtetan joan da Roteta eta honetan ere ikasteko aukera izan duela dio.
Ikastaro irekia
Ikastaroari dagokionez, lau saiotan asko ikasi ahal izango dela dio eta “dantza hauek ikasteko ez da aurretik dan-tzaria izan behar edo dantza ezagutzarik behar. Edozeinek egin ditzake”.
Ez da aspertzeko tarterik izango izan ere, dantza berri hauek ikasteaz gain, taldeak plaza dantza batzuk errepasatzeko tartea hartuko du ekainerako ez ahazteko.
Ikastaroa ohikoa den legez, 20:00etatik 21:00etara izango da Sasoeta ikastetxeko soinketa aretoan.
Honetan parte hartzea irekia da eta antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte honetara gerturatu eta beste herriko dantetaz goza dezaten.