Erromeria eguna Azkorten igandean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 28a

Santa Krutz egunaren ondorengo igandean antolatu ohi du Lasarte-Oriak erromeria. Aurten maiatzaren 4an izango da ospakizuna eta urtero legez, hainbat ekintza antolatu dira erromeria eguna giro onean igarotzeko.

10:00etan erromeriari hasiera emango zaio. 11:00etan Azkorteko ermitan ohiko meza izango da. Honetan Alboka Abesbatzak hainbat kanta eskainiko ditu.

Besteak beste, ermita kanpoan Ane Labaka eta Beñat Iguaran bertsolarien jarduna eta harrijasotzaile eta aizkolarien arteko erronkak ikusi ahal izango dira. 

Amalur trikiti eta pandero eskolakoak ere bertan izango dira eta haien musikarekin erromeria girotuko dute nahi duenak dantza egiteko aukera ere izan dezan.

Hamaiketakoa egiteko aukera izango da, aterpean jarri ohi den tabernatxoan salda, pintxo eta edariei esker. 14:30ak arte izango da jai giroa Azkorten.

Erromeria Ttakun Kultur Elkarteak antolatzen du eta Udaleko Gazteria, Festak eta Kiroletako Batzordearen laguntza du.

Autobusa

Urtero moduan, ezin izango da kotxez ermitaraino hurbildu. 

Hauek aparkatzeko erabiltzen zen lekurik ez dago egun horregatik Urnieta bideko bidegurutzetik gora ezingo da kotxez igo. 

Hartara, autobusa jarriko da goizeko 9:00etatik aurrera Lasarte-Oriako erretiratuen elkartetik. 

Honek ordu-erdiro egingo ditu irteerak Biyak-Batetik eta goiz osoan zehar gora eta behera ibiliko da. Ibilbidea doan izango da.