Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko alebin eta infantil mailako atleta gazteek Gipuzkoako txapelketako hiru jardunalditan parte hartu dute martxoa eta apirilean zehar, Errenteria, Irun eta Eibarren.
Emaitzak onak izan dira. Atleta asko joan dira lehiatzera eta hiru brontzezko domina eskuratu dituzte, Aiora Belartietak jauzi-hirukoitzeko proban, Xalba Otxandorenak 80 m. hesi-lasterketan eta Ainhoa Herederok 60 m. lasterketan.
Amaia Andres entrenatzaileak aipatu digunez, orain eskolarteko lehiaketa hasiko da, “guri gehien gustatzen zaigun denboraldiko zatia da. Landaberri bezala lehiatuko gara eta ea aurten hiru edo lau talde ateratzeko gai garen”.
Gero proba konbinatuak egingo dituzte eta maiatza bukaeran amaituko dute denboraldia.
Iazko emaitza hobetzea zaila ikusten du entrenatzaileak, “Gipuzkoako txapeldun izan baikinen alebinetan, baina berriro ere izan gaitezke urte bat zaharragoak baitira eta esperientzia gehiago baitaukate”.
Hala ere, emaitzak adin hauetan baloratu ezin direla aipatu digu, “beti egiten du ilusioa dominak jasotzeak, egindako lanaren fruitua baitira, baina talde-dinamikan sartzeari eta taldean giro ona izateari garrantzia handiagoa ematen diot. Zentrokako txapelketan hiru edo lau talde atera eta datorren urtean erdiak baino gehiago atletismoa egiten jarraitzen badu elkarte bezala helburua lortu dugula esan genezake”.
Kadeteak ere ederki
Bestalde, kadete mailako pista estaliko balorazioa oso positiboa ere egin digu, “hamalau urteko hamabi gazte gurekin entrenatzen hasi ziren irailean eta Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan lehiatzera iritsi dira denbora gutxian”.
Orain aire libreko denboraldia hasiko dute, hurrengo asteburuan esate baterako, Gipuzkoako txapelketa.