Dantzaren eguna ospatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 25a

Kukuka Antzerki eta Dantza eskolako kideek dantzaren nazioarteko eguna ospatuko dute emanaldi bereziarekin. Dantzaren eguna apirilaren 29an da eta egun horretarako herriko beste dantza talde batzuekin emanaldia anitza osatu dute. II. Dantza Topaketak 19:00etan izango dira Manuel Lekuonan eta honetara gerturatzeko deia egiten diete herritarrei.

Iaz lehenengoz nazioarteko dantzaren eguna ospatu zuen Kukuka Antzerki eta Dantza eskolak Dantza Topaketa batekin.

Egun horretan, mundu mailan zabaltzeko prestatzen den manifestua irakurri eta hainbat dantza eskaini zituzten dantza eskolako ikasleek Maider Oiartzabalen gidaritzapean.

Aurtengoan II. Dantza Topaketetan, ikuskizun anitza osatu nahi izan du Kukukak.

Apirilaren 29an, Nazioarteko dantzaren egunean 19:00etan hasiko den saioan, Kukukako lau talderekin batera, Erketz EDT, Amaia Gonzalez Caballero dantzaria, Semblante Andaluzeko Zambra taldea eta saharaui eta afrikar dantza taldeak taularatuko dira. 

“Kukukaren kasuan, euskal dantza sorkuntza eta da-tza garaikidekoak izango dira egun berezi honetan euren dantzak erakusten. Pieza berriak izango dira”. 

Jatorri anitzak
Maider Oiartzabalek azaldu bezala, ideia Udalak sustatutako anitzen sarea egitasmoan parte hartzen sortu zen. Honetan “jatorri ezberdineko herritarrekin eta taldeekin harremanetan egonda, halako emanaldi bat antolatzea polita izango zela pentsatu genuen”. 

Dantza topaketa honetarako sarrera bi eurokoa izango da eta herritar guztiei gonbita luzatu nahi izan diete Kukukako kideek kultur etxera gerturatu eta dantzaz gozatzera hurbil daitezen. “Gu oso gogotsu gaude eta emanaldi ederra izango dela iruditzen zaigu”. Asteartea izanda, ordu beteko saioa izatea aurreikusten dute.

Kukukak azaldu nahi izan du ere asmo sendoa daukala urtero dantzaren nazioarteko egunean topaketa hauekin jarraitzeko.